Megaupload, kultura eta akritizismoa

Gorka Bereziartua
0

Kim Schmitz, Megauploaden jabea.

Lehenbizi Napster itxi zuten eta ez nuen deus esan ez nuelako Napster erabiltzen. Gero Audiogalaxy itxi zuten eta ez nuen fitsik esan ez nintzelako erabiltzailea. Kazaa epaitegira eraman zuten eta ez nuen ezer esan beste zerbitzu batekin jaisten nituelako artxiboak. Megaupload ixtera etorri zirenerako, ez zen inor geratzen ezer esateko. Edo bai, itxaron, mundu guztia ari zen Megauploaden itxieraz hizketan, batek esango luke III. Mundu Gerraren atarira iritsiak ginela –ez da hiperbolea, Twitterren asko zabaldu den mezu batek dio: “Aitona, aitona… nola hasi zen III. Mundu Gerra? Ba begira, egun batean FBIk Megaupload itxi zuen eta…”.

Ados, koraje handia dauka XX. mendeko industria kulturalak halako sorgin-ehizak bultzatzeko XXI. mendeko industria kulturalaren kontra. Artxiboen elkartrukea errazteak ez luke delitu izan behar; argitaletxeek, diskoetxeek, egile-eskubideak kudeatzen dituzten mafiek, agintari politikoek eta zakurrek ulertu behar lukete –bai, zakurrek ere badute gauzak ulertzeko ahalmena poliki esplikatuta–, jokoaren arauak behin betiko aldatu zituela Internetek eta ezin dutela euren negozio-eredu amarrategiarekin jarraitu profezia Maia bete eta mundua txikimila egin arte.
Baina kontuari perspektiba apur batekin begiratzea ere komeni da, Megaupload itxi eta berehala zabaldu baitira sare sozialetan kulturaren aldeko aldarri –nola esan inor ez mintzeko, a, badakit, ironia erabiliko dut– ilustratuak. Artikulu hau janzten duen fotoan Kim Schmitz daukazue, Megauploadeko nagusia, eta daukan posean antzematen zaio, betidanik eduki duela Alexandriako bibliotekario izateko bokazioa –ironiko izaten jarraitzen dut, badaezpada–.
Esan nahi dudana da –orain serio– bi industria kulturalen arteko gatazka dela ikusten ari garena: Interneten erabilera unibertsalizatu aurretik bere negozio-eredua ezartzea lortu zuen industria, batetik; eta gaur egungo teknologiak erabiliz aberasten dena, bestetik. Eta aurrenekoaren diskurtso eta praktikek naftalina usain jasangaitza edukitzeak ez du justifikatzen bigarrenarekin maiz edukitzen dugun akritizismoa. Ze, ordainduta edo gabe, inoiz eztabaidatzen ez dena zera da: pelikulak, kantak, liburuak… Horiek denak produktuak direla eta kontsumitzeko eginak daudela. Erraza da kontsumo logika horrek kulturari dakarzkion ondorioak zehaztea, kontsumituko bada gustagarria behar du, ergo erosoa, ergo erraza. Eta beraz kultura identifikatzen da forma estandarizatu batzuekin, ez dira inoiz arauak hausten, eztabaida bakarra da pagatu behar ote den ala ez.
Ba, ez zait eztabaida interesatzen, Gil Scott-Heron gaur egunera ekarri eta zera bakarrik gehituko dut: iraultza ezin da SeriesYonkisen deskargatu.
[ARGIAren 2.308. zenbakian argitaratzekoa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA