Etxeko taldearentzat hil ala bizikoa da irabaztea eta kontrarioak ez dira egunpasa etorri Espainiaren bihotzetik. Tentsioa egongo da, zaletuak odola irakiten norgehiagokaren aurretik, bitartean, ondoren. Bi taldeen jarraitzaileak harmaila berean eserita eta, horrelakoetan ohikoa denaren kontra, zelaia ez dago poliziaz josita, ez baita inolako istilurik espero. Ez baikara larunbateko Barça-Madril futbol partiduaz ari, igandean jokatutako Hernani-Alcobendas errugbi partiduaz baizik. Eta badago aldea kirola bizitzeko moduan, onerako.
Sarreran Rafa Larretxea, Hernaniko taldeko arduraduna, orri batzuk banatzen ari da. “Irakurri eta gero paperaren ontzira bota” esan du –gogoratu, Hernanin selektiboak gara–. Orriaren alde batean bi taldeen hamabostekoak eta ordezko jokalarien izenak; beste aldekoa, hitzez hitz behean:
ERRUGBIAREN ETIKA
Errugbiak pertsonak esfortzuan batzen ditu, jatorria, gizarte maila, iritziak edo sinesmenak kontuan hartu barik. Tolerantzia, Elkartasuna eta gizarte integrazioa bultzatzen duen eskola.
Errugbian, ezinbestekoa zaigu talde izpiritua eta aurkariarekiko errespetua.
Errugbia araututako jokoa da. Epailea dugu arauen babeslea.
Epailearen kontra egitea errugbiaren izatearen kontra egitea da.
Errugbia besteenganako errespetua da. Ez da guda, eta aurkaria ez da etsaia.
Aurkariak ere joko kideak dira, gure taldekideak balira bezala errespetatuak izan behar dute.
Errugbi partida bat ikustera hurbiltzen garen guztiok behar moduan hartu beharko genuke indarkeria bultzatzen duen edozein ekintza gaitzestea (erasoak, irainak, zirikatzeak, sexu edo xenofobia bereizketak…). Bai zelai barruan bai harmailetan.
Zure taldea animatu baina beti ere aurkaria eta epailea errespetatuz.
Ez dakit zuek, baina ni ez nago horrelakoak ikustera ohituta. Futbolean jokatutakoa naiz –tira, ez dakit egiten nuenari “futbol” deitzerik ba ote zegoen–, kategoria baxuenetan beti, eta ezer jokoan ez zegoen partiduetan ere, maiz espektakulu penagarriak ikusi ditut: jokalariei irainak eta mehatxuak harmailetatik, partidua bukatu ondoren borrokak aldageletan, lintxamendu baten beldur kaka galtzetan alde egiten zuten epaileak… Igandean, jokaldi eztabaidagarrienetan ere, arbitroari “jauna!” esaten zioten; bakoitzak bereak animatzeko zarata atera zuen –modu gogaikarri samarrean, larunbateko parrandaren ajez zeudenen gusturako–, eta bukaeran bi taldeei txaloak. Ez da egun bakarreko salbuespena, edozein igandetan gertatzen da berdin, jokalariek, klubak eta zaleek horrela izan dadin zaintzen dutelako. Orain Oliver Stone etortzea bakarrik falta da, pelikula egiteko.
PS: Hernanik irabazi zuen, 19-18.
1 Iruzkin
Eskozia-Wales rugby partidua ikustera joan nintzen iaz Edinburgora. Ez naiz kirolzalea, umetan baino ez dut futbola ikusi, eta rugbya ere lagunengatik ikusten dut. Esperientzia bitxia izan zan, ze, “etxean” Walesek Eskoziari sekulako jipoia eman eta gero, talde bien zaleak (gehi gu) batera bueltatu ginen herrira oinez, manifa baten bezala, eta eskoziakoak umore ezin hobeaz kantatzen “Always look at the bright side of life, lara, lara laralara…” Enfin, ez dugu futbolarekin konparatuko…
Argi dago, “this is not soccer”:
http://youtu.be/5YUF9LSXAkY