Indarrez ezarritako ordenak betiko berdin jarraitzea, klase zapalduak are gehiago zapaltzea, emakumeen azpiratzea… Ez neukan buruan horrelako konturik hamar urterekin The Lion King animaziozko filma ikusi nuenean eta horregatik, inori kalterik egiten ez dion fikziotzat neukan. Aurrekoan Disneyren klasikoa telebistan jarri zuten ordea, eta berriz ikustean konturatu nintzen gizarte antolamenduari buruzko mezu eskuindarra, ia faxista eskaintzen duela.
Mufasa oihaneko diktadorea da, sistema aristokratiko baten buru, eta semeari –Sinba, protagonista– erakusten dio zein diren menpean dituen lurraldeen mugak, herentzian jasoko dituelako bera hiltzen denean. Tiranoa, noski, oso modu atseginean irudikatua dago eta ikusleari ulertzera ematen zaio merezi duela agintari izatea, nahiz eta horretarako arrazoiak, lerdentasun estetikoaz eta indarraz gain, ez diren inondik ageri. Kontrako aldean dago Scar, Mufasaren anaia, aristokraziako kidea izan arren animalien erreinuko proletarioen laguna –sarraskijaleena, alegia; esan beharrik ez dago, tipo ilun eta itsusi gisa irudikatu zutela–. Hienekin tratua daukan lehoi bakarra da Scar eta haiekin elkartuko da estatu-kolpea prestatzeko: Mufasa hilko du, Sinba erbesteratzera behartuko, eta oihana sistema sozialista bihurtzen saiatuko da, zeinean ez duen axolako zein animalia mota zaren, ezta nor den indartsuena ere.
Scarrek kolektibizazioa martxan jartzean lehoi emeen emantzipazioa ere etorriko da; ordura arte zeukaten lana –ehiza neketsu eta arriskutsua– alde batera utziko dute, eta lehenbiziko aldiz maila bereko izaki gisa hitz egingo diote ar bati; taldearen biziraupenerako aukera onenak eztabaidatu ahalko dituzte Scarrekin –nahiz eta honek, kausa feminista barneratuta ez daukaten pseudoiraultzaileen maneran, ez dien kasurik egingo, eta gerora erabaki horrek bere galbidea ekarriko du–.
Sinbak, bitartean, lagun lumpen batzuk egin eta erbesteratuta dagoen lurraldeetan erosotasunez betetako bizimodua edukiko du liberalismoaren abantailei esker –azken finean “hakuna matata“, “laissez faire, laissez passer” esateko beste modu bat da–. Ahaztu egingo du mamu bat dabilela Disneyren oihanean, komunismoaren mamua. Baina Nala azalduko da. Lehoi emeen artean, bera da oraindik erregimen zaharreko ohiturak mantenduz ehizan jarraitzen duen bakarrenetarikoa eta kontserbadurismoaren egiak sartuko dizkio buruan Sinbari; kontrairaultzara animatuko du.
Eta inguru guztiari su ematea beharrezko badute ere, diktadura gailenduko da azkenean, erregimen zaharreko legitimistek, eme liberalek eta zimino-txamanak elkar hartuta –azken pertsonaia hori botere erlijiosoaren metafora da, zalantzarik gabe–. Bere osabaren proiektu berdinzalea bertan behera utziko du Sinbak eta prozesu iraultzailean sortutako kontraesanen ondorioz, hienek akabatuko dute eurak askatzen saiatzea beste kalterik egin ez duen Scar dohakabea. Filmaren bukaerako eszenak –beheko bideoan ikus dezakezue– horixe erakusten digu: boterea dutenen seme-alabek agintea herentzian hartzea “bizitzaren zirkulua” dela, prozesu “naturala”; eta Sinba diktadore erreformista izango dela iradokitzen bada ere –lagun lumpenek ondoan jarraitzen baitute–, diktadurak diktadura izaten jarraituko du.
2011n pelikularen bertsio berria estreinatu zuten zinema aretoetan, hiru dimentsiotara egokitua eta Espainiako Estatuko antzokietan musikal bat ere badabil. Faxismoa fronte guztietan borrokatu behar dela uste baldin baduzu, hauxe nire gomendioa: ez eraman zure haurrak horrelako gauzarik ikustera. Pottokiak, euren balore kolektibista sanoekin, askoz aukera hobea dira, zalantzarik gabe.
8 Iruzkin
Ba, pottokiak ere ez dituk denen gustukoak:
http://www.angelfire.com/mo/potatofarm/smurf.html
Milaka interpretazio ditu film honek. Zuk egindakoari gehituta hasiera batean esan nezake Hamlet-en tragedian oinarriturikoa dela film hau, eta beraz, baduela aintzinako erregimenean oinarritutako sustrairik. Bestalde, “Scar” delakoak sistema sozialista inposatzen duenaren tesia ikuspuntua bat da, beste batzuek diote altxamendu nazia dela. Alde batetik sarraskijale horien martxak Nurembergeko desfilearen antza baitu, eta bestalde, filmaren tarte horretan Scar-en itzalak Alemaniako arranoaren forma hartzen duelako.
https://www.youtube.com/watch?v=XvJhk86PuEY
Nire ustez, Alemaniako arranoaren forma duela esatea gehiegitxo da. Esan dezakegu ere, Ion Pagoagak jarritako linkaren bideoko azken uneko irudiek, atzeko partean ilargia daukatenek, mailua eta higitaia irudikatu nahi dutela.
Hala ere, Bereziartuaren interpretazioa “makarra”egia iruditu zait. Diktaduraren, edo-eta monarkia absolutista hereditarioaren apologia bat da, ados. Baina, “Scar” beldurgarriak komunismoaren isla dela esateak…
Stalinena akaso…
AEBko kultura popularrean, nire ustez, nahiko ohikoa izan da nazismoaren eta komunismoaren “mehatxuak” nahastea, eta, alde horretatik, ez zait arraroa iduritzen hienen desfileak Nurenbergeko desfileen antza izatea eta, aldi berean, Ion Pagoagaren bideoan, mailu eta igitaiaren irudia sujeritzea. Lau Izugarrien kapitulu batean, konparaziorako, “gaiztoa” espioi komunista bat izanen da (izan ere, Alderdi Komunistako karneta karteratik eroriko zaiolako atzemanen dute), baina izen alemanekoa (Karl Kort), konnotazio nazikoa alegia -ikus http://marvel.wikia.com/Karl_Kort_(Earth-616)-.
Ez dakit Bereziartuaren interpretazioa “makarregia” den. Niri intelijentea eta, batez ere, zirikatzailea iduritu zait (bertzenaz ez nintzen erantzun hau idazten ariko). Edonola den ere, heldu den asteburuan badakit zer film alokatu behar dudan bideoklubean.
Lotura gaizki paratu dut. Hauxe da: http://marvel.wikia.com/Karl_Kort_(Earth-616)
Star Wars-en alderantzizko irakurketa ere ezagutuko duzue… Akaso hemen bertan agertu izan da inoiz, ez dakit. http://creativedestruction.wordpress.com/2007/01/11/the-empire-is-the-good-guys-revisited/
Neri ere, intelijentea eta zirikatzailea iruditu zait. Besterik gabe, aipamen bat zen. Agian, txikitako film gustukoenetariko baten kritikak entzuteari beldur nion…
Mila esker Gorka ta jarraitu horrela!
[…] dela hilabete edo, Gorka Bereziartua kazetariak El Rey León-i buruzko hausnarketa plazaratu zuen Argia astekarian. Bertan, pelikula “diktaduraren apologia” dela salatzen […]