Igandean idatzia, astelehenean irakurtzeko

Gorka Bereziartua
0

Eta jainkoak esan zuen: "Ei, igandea dela, utzi pixka bat gehiago lo egiten"

Igandeak aharrausi egiteko sortu zituen jainkoak. Gauzak oso gaizki joan arren, igandeak sortu ziren, baita ere, pijamaren azpitik bizkarrean hazka egiteko. Jainkoak mundu bat sortu zuen ustelkeriaz betea, eta zazpigarren egunean deskantsatu egin zuen, hau da, irratia itzali zuen, periodikoak salako mahaiaren alde batera bultzatu hankak gainean luzatzeko; eta ez zuen Teleberria ikusi ere egin, sofan zurrungaka. Egun oso bat hartu zuen jainkoak, sortu zuen gauza itsusi hartaz ahazteko. Zerua kafe usainez bete zuen gosaritan, besaulkian eseri zen gero, eta txoribistan errepasatu zuen ekonomiari buruzko suplementua. Pijama kendu gabe zegoen artean. Txapinetan ibili zen etxetik, kristal lodiko leihoei esker ez zituen entzun mundu-munduan hipotekez langabeziaz murrizketez protestatzen zuten oihuak. Erdi lo oraindik, entsalada prestatu zuen bazkaltzeko, mundua sortzeko eduki zuena baino talentu handiagoarekin, letxugak tomateak sardinak olibak intxaurrak gazta azenarioa oreganoa olioa eta ozpin tanta batekin. Jainkoak bazekien mundua biolentzia zela, bonba bat Italian molotov koktelak Quebec-en presoak herriratzeko elkarretaratze jendetsuak berarengan sinesten ez duten herri horretan, baina horrek ez zion entsalada lasai dastatzea eragotzi. Gero, siesta egin zuen. Eta arratsaldean pelikula bat ikusi. Munduaren ustel guztia kiratsa botatzen hasi zen astelehen goizeko irratian, baina jainkoak, lasai aharrausi egin ondoren, indarra zeukan hori eta gehiago jasateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA