Seguru ezagutzen duzuela Rosa Parksen historia. 1955eko abenduaren 1ean, lege arrazista desobedituz, uko egin zion autobuseko bere lekua gizon zuri bati lagatzeari eta atzeko eserlekura joateari; preso eraman zuten eta Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen ekintza xume horrek. Seguru ez duzuela ezagutzen Olatz Berrojalbizen historia. 2006ko otsailaren 18an ertzainek identifikatzeko eskatu zioten eta agenteekin euskaraz hitz egin nahi izan zuelako atxilotu zuten. Bietako baten jarrera “maximalista” izan liteke Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordearen ustez. Bai, asmatu duzue zeinena.
Astiro irakurtzeko esaldiak ditu datozen hamar urteetarako prestatu duten Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) sarrera-dokumentuak. Tartean, paragrafo hau:
Gure gizartean hizkuntza aukerekiko sentiberatasun maila altuago bat lortzea ezinbestekoa da, gaia ez dadin gatazka-iturri izan eta elebitasuna modu ahalik naturalenean uler dadin. Horretarako muturreko joerak ekiditen lagundu behar du hizkuntza politikak, maximalismoak, alde batetik, eta aurreiritzi zaharretan erroturiko erresistentziak, bestetik, albo batera utzirik.
(Oharra: letra etzanak nik jarri ditut)
Eufemismoaren artea noraino irits daitekeen. “Muturreko joerak” problema dira: euskaraz bizi nahi dugunok “gatazka-iturri” bihurtzen dugu “gaia”, eta “maximalismo” hitzak definitzen du gure jarduna. Euskalduna jai eta aste diskriminatzen duten horiek berriz, “aurreiritzi zaharretan” errotuta besterik ez daude. Urteetako genozidio linguistikoak sortu duen egoeraz baliatuz euskara zapaltzen jarraitzea, hori, tira, ez jarri horrela motel, “erresistentzia” besterik ez da, pasatuko zaie.
Txostengileak dio: in medio virtus. Txostengileak dio: Rosa Parks, Ku Klux Klan, berdin da, denak erradikal zoroak. Emaztea jipoitzen duen urdea eta biolentzia matxista salatzen duten feministak, biak “muturreko joerak”, arrazonamendua esparruz aldatuz gero. Konparazio posibleak mila, baina debalde luzatzea litzateke eta funtsezko ideia da, eskubide urraketei buruz hitz egiten ari bagara erdibideko posizioek ez dutela balio; eskubideak ziurtatu behar zaizkio zapalduari, herritarrek berdinak izan behar dute euren jatorria, arraza, sexua, klase soziala edo hizkuntza edozein dela ere.
Eta erakunde publikoek hori argi ez baldin badaukate, Pantera Beltzoi dagokigu ukabila altxatuta hain oinarrizko gauzak ulertaraztea. ESEP ezagutzera emateko prestatu duten blogean herritarrek iritzia emateko leihoa dago. Dokumentua irakurri eta falta zaion “maximalismo” kutsua ematera animatu nahiko nituzke blog honen irakurleak, nonbaitetik hastearren.
1 Iruzkin
Euskara 21 gogoetako “Itun berritu baterantz liburutik hartua (Patxi Baztarrikak 2009an gidatutakoa), sarean eskura: “Hizkuntza politika ez-neutral bat da, beraz, diseinatu beharko dena, euskarakalte izango litzatekeen laissez-faire izaerako politikari zirrikiturik utziko ez diona, eta, aldi berean, progresibotasuna, adostasuna eta eragingarritasuna urrezko arautzat hartuko dituena, betiko alboratuz boluntarismoa, neurriz gaindiko presak, lasaikeria, maximalismoa eta ameskeriak.