Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak

Les neiges du Kilimandjaro: hurbilekoa, xaloegia agian

Gorka Bereziartua
2012-06-04
1

Les neiges du kilimandjaro filmeko protagonistak

Burgestu ez, baina ikusten da Les neiges du Kilimandjaro filmeko protagonistek iraganean sakela hotzago eduki dutela orain baino. Sindikalista erretiratu, langabetu eta lapurren istorioa da Robert Guédigian zuzendariaren azken pelikula. Lan- eta bizi-baldintza hobeak lortzeko urtetan borrokatu duen pertsonaia da Michel, protagonista; beroaldi ekonomikoak baretu zuen langile borrokalariaren ideia sintetizatzen du. Christophe gazteak berriz, behargin berrien egoera gorria: lanik gabe, anaia txikiak aurrera atera behar eta lapurretan hasten da.
Filmak klase-elkartasuna goresten du, galdutako baloreak berreskuratzeko premia, eta ondo jaso dezake Michel bezalakoek historiaren momentu hau nola bizi duten: ezin berreskuratu izan zarena, oraingoak ez duela balio konturatu eta zer egin jakin ez. Baina ikuspuntu xaloegia edukitzea ere kritikatzen ahal zaio. Eta beharbada beharrezkoa da hori proposatzen duen balore aldaketa gauzatu ahal izateko, baina ez pelikula bat egiteko: Guédigian optimista antropologikoa da eta horren ondorioz eszena batzuk behartuegiak dira. Ez espero, bestalde, ideia iraultzailerik Marseillako proletarioen istorio honetan, atera daitezkeen ondorioak hurbilago baitaude karitatetik, justizia sozialetik baino.
Bainak bildu dizkiogu pelikulari eta ahaztu zaigu esatea gustatu zaigula, hala ere. Ez baita mundua diskurtso handietan eta hil ala biziko engaiamenduetan bukatzen, eta Les neiges du Kilimandjarok eragiten du pertsonaiekin halako hurbiltasun bat, “zinema sozial” esaten zaion horretako beste pelikula askok gustura hartuko luketena.
[ARGIAren 2.326. zenbakian argitaratzekoa]

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

les neiges du kilimandjaromarseillaRobert Guédigianzinema soziala
1 Iruzkin
    oihana (e)k dio: Erantzun
    2012-06-04, 14:19

    ados guztiaz! eta beste baina bat eranstearren, baina zergatik apenas lantzen dira egun zineman halako gai, ikuspegi, proposamenak? zerbait galdu dut? ez ditugu filma errealegiak ikusi nahi? ala finantzaketa arazoa da guztia? astelehenak inoiz baino eguzkitsuagoak diren honetan zinema soziala deiturikoa zergatik ez dago “modan”? tira, eskerrak guédiguian “xaharrak” egungo hizketagai nagusienetakoak pantailara ekarri dizkigun, xaloegi bada ere..

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Ukabila altxa beharko dugu2012-05-29
Espainiaren erreskatea edo hildako katuarena2012-06-05
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA