Saguesko kontzertuak eta argumentum ad populumak

Gorka Bereziartua
3

Milaka lagunek ezin dute musikari buruzko iritzi okerra eduki... edo bai?

Galdetzen badidate Donostiako Aste Nagusian Saguesen joko duten taldeak zer iruditzen zaizkidan, erantzungo dut ez nagoela kartelarekin bereziki ilusionatuta. Batzuk askotan ikusi ditudalako azkenaldian (Zea Mays) eta beste askoren kontzertuetara joan ez banaiz, ez delako aukera faltagatik izan, ekonomialarien hizkera erabiltzeko “interes defizitak” eraginda baizik. Anai Arrebak taldeak bakarrik deitu dit arreta.
Hori bai, donostiarrismo ofizialaren bozeramaileren baten erreakzioa ikusita, ezin irribarretxo bat ezkutatu. Ematen du Bildu Udalera iritsi aurretik Saguesko kontzertuak txaleta mila duroan baino hobeak zirela. La Oreja de Van Gogh, Nena Daconte, Pignoise, Rosario Flores edo Sonia y Selena (!) daude aurreko urteetako zerrenda beltz… arros… tira, berdin dio. Eta ez naiz sartuko esplikatzera zergatik niretzat horiek ere ez diren batere interesgarriak, oraindik ez da asmatu onomatopeiak transkribatzeko software egokirik.
Jende kopurua aipatzen dute batzuek aurreko Aste Nagusietako kontzertuen defentsan eta oraingo kartelak ere jende pilaketaren aldeko apustua egin du. Diferentzia da “euskal” jendea erakarriko duela, azken finean, Ken Zazpi edo Esne Beltza euskaraz ari direnen artean gehien tiratzen duten taldeetako bi dira –saihestu egingo dugu “tira” daukaten taldeak deskribatzeko asko erabiltzen den anglizismo bat idaztea, Xabier Mendiguren eskopeta hartuta ikusteari beldur handiegia diogulako–.
Problema beraz, zera da: argumentum ad populuma izan dela Odonismoan eta dela orain ere kontzertuak antolatzeko irizpidea.
Alternatibarik? Zergatik ez Saguesen beste mota bateko kontzertuen aldeko apustua egin? Nik zer dakit, eszenatoki gehiago jarri, txikiagoak izan arren; Jazzaldian egiten den moduan bertako talde ez hain ezagunei aukerak eman; batez ere, irizpide musikala jarri jendea mobilizatzeko gaitasunaren aurretik –milaka jende mugitzen ditu gerrak ere eta ez dugu NATO eredu bihurtuko!–.
Duela hilabete batzuk idatzitakoa pegatu beharko hemen berriz ere: “Nekez justifika daiteke ezkerretik, politika kultural publikoek jada arrakastatsua denaren aldeko apustua egitea. Jarrera hori alderdi kontserbadoreena izan beharko litzateke –eta gaur egun ez da haiena bakarrik–“.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA