Richard Gere ondo orrazten da

Gorka Bereziartua
0

Susan Sarandon eta Richard Gere, Arbitrage filmean.

Hori da Arbitrage ikusi ondoren atera dudan ondorio esanguratsuena. Topikoz betetako film batek zabaldu du Sail Ofiziala. Ohituta gaude. Nicolas Jareckiren debuta buruhaustetan murgilduta dagoen milionario baten (Gere) istorioa da. Robert Miller bere konpainia beste batekin fusionatzeko lanetan murgilduta dago, inork jakin aurretik 400 milioi dolar baino gehiagoko zuloa daukala.Eta fusioez ari garenez, bera baino puska bat gazteagoa den maitalea ere badauka. Nola ez, gorabeherak dituzte, emakumeak lana-lana-lana-lanaren tartean ez duelako gizona ikusteko aukera handirik. “Hitz egin dezagun lasai laztana, goazen laku batera biok bakarrik” erako esaldi baten ostean, auto-istripua, amorantea fianbre, hanka jokoa. Polizia usainka hasiko zaio Millerri hilketa leporatzeko.
Arbitragek ondo kontatzen duen gauza bakarra da nola lortzen duen Gereren pertsonaiak mota guztietako epaileetatik ihes egitea, kalpar zuria ondo orraztuta edukitzeari utzi gabe.
A, bai, egia: eta bidean lezioren bat ematen saiatzen da finantza-munduko jendearen balore faltaz, Millerrek Harlemeko gazte bat hilketaren zikulu-saltsan zikintzen duenean; edo enpresariaren alabak kontuak faltsutzea leporatzen dionean —oso sinesgarria tycoon gupidagabe baten kumeek gauzak modu legalean egiteko erakusten duten konbentzimendua—. Aparte, askotan ikusitako gaia da eta hobeto kontatua, urrutirago joan gabe, Oliver Stonen Wall Streeten.
Aktoreak ez daude gaizki, nahiz eta Susan Sarandon film honetan agertu den, ia-ia apirilean Patxi Lopezek eta konpainiak antolatu zuten Elkarbizitza eta Memoria jardunaldietan bezainbeste. Hau da, ezer ez. Tim Roth bai, gustatu zait, beharbada protagonista apur bat estutzen duen bakarra delako; alfer-alferrik ordea. Zergatik ote da errazagoa film batean estralurtarrek mundua konkistatzea, epaile batek Wall Streeteko arratoi gizenak giltzaperatzea baino?
SAIL OFIZIALA
Arbitrage
Zuzendaria: Nicolas Jarecki.
Aktoreak: Richard Gere, Susan Sarandon, Tim Roth.
AEB, 106 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA