AEBetako langile-klaseko hiri txiki batean girotua dago Laurent Canteten Foxfire filma eta gizonen indarkeria sufritzeaz nazkatuta, matxinada antolatzen duten emakume gazteak ditu protagonista. Une batzuetan Ken Loachen Land and freedom edo The wind that shakes the barley gogora ekartzen du eta ez du zinematografikoki mundua asmatu, baina ondo kontatutako istorioa da.
Ez da debaldekoa Loachekin alderatzea, iruditzen baitzait haren film batzuek dituzten bertute eta akats berberak dituela Foxfirek ere: pelikula politikoki engaiatua da –modu esplizituan konpromisoa hartzen duela, alegia; gainontzean, gauza jakina da film guztiek eskaintzen dutela, nahita edo nahi gabe, ikuspegi politizatua–.
Foxfirek asmatzen du gizonei eta kapitalari oldartzean sortzen diren kontraesanak pantailaratzen –hori da pertsonalki Loachen zinematik gustatzen zaidana–. Baina, batzuetan mezua oso agerian ematen da, apaiz komunistaren pasarteetan, adibidez; eta horrek eszena batzuk apur bat panfletario izatea dakar –Land and freedomen edo The wind that shakes the barleyn gertatzen zen bezala–.
Joyce Carol Oatesen nobela batean oinarritua, Foxfirek badu halako intentzio mitopoietiko bat, nire ustez. Estatu Batuetako emakume langileen emantzipazioari eman nahi dio 50eko hamarkadan behintzat eduki ez zuen historia bat, gerrilla feministarena. Eta alde horretatik oso erakargarria egin zait.
Beste film on bat, sorpresa atsegin ugari ematen ari den Sail Ofizial honetan.
SAIL OFIZIALA
Foxfire.
Zuzendaria: Laurent Cantet.
Aktoreak: Raven Adamson, Katie Coseni, Claire Mazarolle, Madeleine Bisson, Rachel Nyhuus.
Frantzia-Kanada, 143 minutu.
1 Iruzkin
[…] gauza jakina da film guztiek eskaintzen dutela, nahita edo nahi gabe, ikuspegi politizatua–. [Gerrilla feminista, Gorka Bereziartua (Argia.com, 2012-09-24)] Foxfire filmeko […]