Abortua

Gorka Bereziartua
0

Ventuo al mondoko protagonistak.

Venuto al mondo filmeko eszena batean pertsonaia batek dio, inoiz Balkanetako gerrari buruz film bat egitekotan, komedianteren batek egin beharko lukeela, Buster Keatonek-edo. Ez dago beharrik: Sergio Castellittok, drama bat egin gura zuen eta komedia atera zaio, nahi gabe. Orain arte Sail Ofizialean ikusi dugun filmerik txarrena da. Penagarria.
Istorioak funtziona zezakeen, pertsonaiak ia hasieratik gorrotagarriak gertatuko ez balira —hain dira exageratuak eta lekuz kanpokoak euren jarrerak—. Filmak funtziona zezakeen, zuzendariak hainbat eszena bideoklipak balira grabatu izan ez balitu —Penelope Cruzek batzuetan hainbeste gogorarazi digu “La quinta marcha” telebista saioa aurkezten zuen garaia—. Gidoiak funtziona zezakeen, dialogo batzuek —“Kurt Cobain hilda dago”— Antzoki Zaharra barrez lehertarazi izan ez balute, noiz eta filma klimax dramatikora iristen ari zenean. Horiek denek eta beste gauza askok huts egiten dute Venuto al mondon.
Sarajevoko setiotik haurrarekin ihes egitea lortu zuen ama baten (Penelope Cruz) istorioa da Castellittok aurkeztu duen zera hau eta kontatzen du nola itzultzen den, urte askoren ondoren, semea kozkortuta, han utzi zituen lagunen artera, haurra nola jaio zen eta benetako ama nor duen argitu asmoz. Bi planotan kontatzen da istorioa beraz, batetik orainaldia eta bestetik gerraren aurretik protagonistak nola bizi ziren. Eta bi plano horien artean dabil zuzendaria, Julio Salinas kontrako ekipoko defentsen artean ibiltzen zen bezala, buelta asko eta helburu argirik ez. Ateari begira jartzen denerako, partidua amaitu da eta ikusleak etxean daude telebistako laburpena ikusten.
Gauza bakarrak justifika lezake honelako film bat: ikusi ondoren abortuaren aldeko jarrera are irmoagoa hartzen duzu, honelako istorioak kontzatzea hasieratik neutralizatuko lukeelako. Sail Ofizialak urtero eman beharko lukeen Urrezko Korrokoia irabazteko hautagai sendoa da Castellittoren lana.
SAIL OFIZIALA
Venuto al mondo.
Zuzendaria: Sergio Castellitto.
Aktoreak: Penélope Cruz, Emile Hirsch, Mira Furlan, Jane Birkin, Sergio Castellitto.
Italia-Espainia, 125 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA