Gontzal Mendibilen kanta entzuten zen irratian asteazkeneko grebaren karietara. Biharamunean berriz, Sail Ofizialean katai ta zapalketaren errudunei buruzko lana ikusi dugu. Zinemaldia abiatu aurretik ere kiniela askotan zegoen Costa-Gavrasen Le capital eta ez du hutsik egin. Finantza mundua jarri du dianan zuzendari franko-greziarrak, erritmoz, ironiaz eta ñabarduraz beteriko filmean. Urrezko Maskorra irabazteko orain arteko hautagai sendoena iruditu zait.
Marc Torneuilek bere bankuko presidentzia lortu ostean boterean jarraitzeko egiten duen trikimailu sortaren kontakizuna da Le capital, funtsean. Baina antzeko argumentua zeukan Arbitragek ez bezala, gupidarik gabeko aberatsen istorio honek txinpartak saltarazi ditu.
Gad Elmaleh-ek bikain antzeztu du protagonista: Torneuil kapitalista higuingarria da berez, baina ahula ere bai, humanoa, ingurukoen errespetua lortzeak larritzen baitu eta supermodelo batekin oheratzeagatik edozertarako prest dago —Dominique Strauss-Kahni egindako keinua izan liteke pertsonaiaren alderdi hori—. Komediako aktorea da Elmaleh eta protagonistak badu hondoan halako ironia doi bat, bankari zinikoaren rolarentzat oso egokia.
Finantza erakunde handietako marrazoen arteko botere-borroka etengabea bikain islatu du Costa-Gavrasek. Bere lana gerraren adrenalinaz bizi du protagonistak —Mao Tse Tungen taktika bat erabiltzen du filmeko une batean, boterea segurtatzeko— eta zalditik jaisteko aukera daukan arren, “jolasean” jarraitzea nahiago du. Ez du diruarengatik egiten, hori baino gehiago da, boterea, errespetua, egoa. Eta “beste zera hori” pantailara ekartzen asmatzea da filmaren lorpen handienetako bat, finantza munduak egiten dituen gehiegikerien azken kausa pertsonak direla erakusten duelako.
Filmeko dialogo batzuk iltzatuta geratzen diren horietakoak dira —“Aberatsak aberatsago egiten ditut eta pobreak pobreago. Beraz, esan liteke bankari normala naizela”—; eta bukaera dago, sarkasmo handi bat, azken eztanda borobila.
Zer edo zer kritikatzekotan —gainontzean zuzendariak erosi nauela pentsatuko duzue— argumentua korapilatsu samarra gerta daiteke beharbada eta Torneuilek egin nahiko lituzkeen baina egiten ez dituen zenbait ekintza modu histrionikoan daude pantailaratuta.
Baina detaileak dira, asko jota. Film aparta da. Lasse Hallströmen Hypnotisören bakarrik geratzen da lehian Sail Ofizialean eta, horren baimenarekin, uste dut nik badaukadala nire Urrezko Maskorra.
SAIL OFIZIALA
Le Capital
Zuzendaria: Costa-Gavras.
Aktoreak: Gad Elmaleh, Gabriel Byrne, Natacha Regnier, Céline Sallette, Liya Kebede, Hyppolite Girardot, Daniel Mesguich, Bernard Le Coq.
Frantzia, 114 minutu.