Existitzen ez den talde bati buruzko dokumentala iragarri, existituko balitz bezala; eta sekretua mantendu ia filma estreinatu arte. Fermin Muguruzak irailaren 22an jakinarazi zuen Zuloak taldea izen bereko dokumentalerako beren beregi sortu dela, ordurako euskal kulturaren gezurmendietan bolo-bolo zebilen zurrumurrua konfirmatuz. Mockumentary bat da Zuloak beraz, fake bat, planteamendu aldetik 1984ko This is Spinal Tap gogora ekar dezakeena.Taldearen sorrera eta hasierako urratsak kontatzen ditu filmak: Arrate Rodriguezen ekimenez elkartuko dira Izaskun Muruaga, Naiara Goikoetxea eta Ainhoa Unzueta. Taldeari izaera berezia ematea da Rodriguezek filmean daukan helburua eta Andy Warholek Velvet Undergroundekin egin zuena aipatzen du. Baina banda askotan gertatzen den bezala, kideen arteko oreka mantentzea zaila izango da, Muruagak uztea erabakiko du eta Goikoetxeak ere bai, haurdun geratu ostean. Unzuetak, Tania de Sousak eta Ursula Strongek osatuko dute azken formazioa.
Istorio hori kontatu bitartean, taldekideen arteko elkarrizketak ikusiko ditugu, Euskal Herriko eszena musikalean nabarmendu diren artistekin hitz egingo dute (Anari, Mursego, Zea Mayseko Aiora Renteria, Belladona eta Matraka taldeetan aritutako Josebe Garaialde, Lisabö eta Jupiter Jon taldeetako Aida Torres…) eta herri honetan musika atsegin duen edonork ondo ezagutzen dituen aretoetatik pasako da kamera (Bonberenea, Le Bukowski, Psilocybenea, Kukutza…).
Filmak osagai guztiak dauzka interesgarria izateko, baina kale egiten du. Istorioa erabat sinesgaitza gertatzen da, taldekideen arteko elkarrizketak behartuegiak, eta emaitza orokorrak ezinezko bihurtzen du ikusleak momenturen batean ikusten duena sinestea –zuzenekoetan salbu, beharbada–. Dokumental faltsuek eskatzen duten egiantzekotasun minimoa falta zaio Zuloaki eta horren erruz filmeko gainontzeko pasarteak (goian aipatutako musikariekin egin elkarrizketak) testuingurutik kanpo geratzen dira.
Pena da, film honek barruan baitarama konbentzionalagoa izan arren eraginkorragoa litzatekeen beste dokumental bat, Euskal Herriko emakume rockeroak elkarrizketatuz osatua. Norbaitek kontatu beharreko historia da hizkuntza minorizatu batean kantatzeaz gain, gizonak jaun eta jabe diren eszena bateko irla izateak zer suposatzen duen. Hori baino gehiago egin nahi izan du Zuloakek eta ez du asmatu. Zorte hobea hurrengoan.
1 Iruzkin
[…] dute nire oroimenek. Batez ere margolanak noiz egindakoak ziren ikusi dudanean: 1984! Justu gaur @boligorriak, Zuloak dokumentalari buruz idatzi duen artikuluan aipatzen den urte […]