Hiru dokumental musikal interesgarri (itxuraz)

Gorka Bereziartua
0

Dock Of The Bay jaialdiari esker musikari buruzko dokumentalen betekada ederra hartzen ari dira hainbat Donostian. Oturuntza guztiek uzten dute postre baterako tartea ordea, eta azkenaldian hiru film musikal itxuraz interesgarriren berri izan dudanez, erretilu batean zerbitzatzea erabaki dut bazkaltiarren eta azkenburukoetarako ailegatu direnen probetxurako.

The Wrecking Crew (Denny Tedesco): 1960ko hamarkadako disko esanguratsu askotan parte hartu zuten (Beach Boys, The Mamas & The Papas, Simon & Garfunkel…) baina inork ez ditu gogoratzen. Estudioko musikari talde bat zen The Wrecking Crew, talentu handikoa baina izarrik gabea. The Pirate Bayn deskarga daitekeen film honek haien historia kontatzen du. Trailerra ikus dezakezue jarraian:

El fulgor (Ramon Lluís Bande): Nacho Vegas bakarlariaren sormen prozesuari buruzko dokumentala zabaldu du Rockdelux aldizkariak azken zenbakiarekin batera. Pretentsio handirik gabe egindako lana dirudi, musikaria kantak egiten ari den bost momentu hartuta, kamera leku finko batean jarrita. Agian horregatik, bideo domestiko baten antzekoa izango da. Baina agian ez. Behean pasarte bat:

Krautrock – The Rebirth of Germany (Benjamin Whalley): Jupiter Jon taldearen agerpenaren harira hasi naiz Krautrock hitza han eta hemen entzuten. Alemanian jatorria duen estiloari buruz dihardu BBCk egindako dokumental honek: musikaz eta musika hori sortu zen testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoaz. Osorik ikus dezakezu jarraian:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA