Kosice 2013: nola ez lukeen izan behar Europako Kultur Hiriburuak

Gorka Bereziartua
0

Kosice 2013: egin behar ez denaren eredua dirudi.

Kosice, Eslovakiako ekialdean, 230.000 bizilagunetik gora, eslovakiarren, txekiarren eta hungariarren topaleku, 2013ko Europako Kultur Hiriburua da Marseillarekin batera. Geroz eta gertuago dago Donostiak banda hori jantziko duen momentua eta komeni da beste hiriei begia pegatzea, ereduak bilatzeko.
Ereduak onak eta txarrak izan daitezke ordea, eta Eslovakiakoa ez dugu hona ekarri txaloz edertzeko. Juraj Kusnierik musika kritikariak artikulua publikatu du Lidové Noviny egunkari txekiarrean, Kosice 2013ri buruz zenbait gauza iradokiz eta beste zenbait argi eta garbi esanez (frantsesez eta gaztelaniaz irakur daiteke).
Egitasmoak kultura lokala bultzatu behar omen zuen baina, Kusnierikek dioenez, hiriburutzaren abiapuntua izan den asteburu honetako ospakizun handian, musikari izarra Jamiroquai ingelesa izan da, “nahiz eta inork ez duen lortu jakitea zein den konexioa Kosiceren eta kantari horren artean”. Jamiroquairen arrakasta-urteak aspaldi samarrekoak dira gainera, eta azkenaldian birarik egiten ez duenez, kontzertua antolatzea garestitxo atera omen da —gaur Kosiceko prentsa lokalean irakurtzen denez, Jay Kay ez zen oso esker oneko agertu jasotako dirutza gorabehera—.
Gehiago: Kassaboys izeneko artista kolektibo lokal baten instalazioak Hiriburu Kulturalaren aperitifa izan behar zuen. Hirian banatu zituzten gezurrezko lehergailu batzuk eta haiekin batera egunkari txatalak, hiriko politikarien ustelkeria kasuak aipatuz. Gauzak zer diren, Eguberrietan “norbaitek” instalazioa “moldatu” du, artikuluetan agertzen ziren izenak irakur ez zitezen.
Eta ginda: aipatutako inaugurazio kontzertuko beste izarretako bat Anna Gaja izan da, Kosice-iparreko alkatearen emaztea eta, azpian ikus dezakezuen bideokliparekin bere sormenaren gailurra ukitu zuena.
 
Artista lokalak mespretxatzea, txatartegian hobeto leudekeen atzerriko musikariak kontratatzeko dirutza gastatzea, nepotismoa, horterismoa… Labur esateko, Donostian egin beharko ez liratekeen gauzen katalogo bat ematen du Kosice 2013 proiektuak. Eta urtea hasi besterik ez da egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA