Musikeneko ustelak eta irakaspenak

Gorka Bereziartua
0

Musikeneko ikasleek kalean jo zuten protesta gisa (argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Musikeneko trapu zikinek usaina botatzen jarraitzen dute Carmen Rodriguez Susok agintea utzi eta urtebetera, Noticias de Gipuzkoan atzo Juan G. Andresek argitaratutako artikulua leitzea besterik ez dago: José de Eusebio orkestra zuzendariari arrazoia eman diote epaitegiek EAEko Goi Mailako Musika Ikastegiaren kontra jarri zuen salaketan.
De Eusebiok bere burua aurkeztu zuen Musikeneko irakasle izateko, baina beste bati eman zioten orkestra zuzendaritzako irakasle postua, Manel Valdiviesori.
Ohiko “ohitura txarren” kapituluan, Juan Carlos Pérezek, tribunal akademikoko buruak, Valdiviesoren alde gainontzekoek baino puntuazio altuagoak eman zituela nabarmendu du epaileak. Gainera, haren ustez Itoiz taldeko lider ohiak ez zeukan behar adinako prestakuntzarik tribunal horretako kide izateko.
Thriller txiki bat egiteko materiala ere badago: lanposturako deialdi publikoa egin aurretik Juan Carlos Pérez Bartzelonan bildu zen Valdiviesorekin –praktika zabaldua Musikeneko aurreko agintarien artean: Rodriguez Suso ere Pierre Caorekin egon zen lanposturako lehiaketa baino lehen–.
Epailearen aurrean tribunal akademikoko bi kidek, Javier Pérez de Azpeitiak eta Margarita Lorenzok, Valdiviesoren alde egiteko “presionatuta” sentitu zirela deklaratu zuten, euren lanpostua galtzeko beldurrez.
Ustelkeria askoren artetik bat baino ez da epai honek argitara atera duena. Baina irakaspen baikorren bat ateratzeko parada ematen du: Musikeneko ikasle eta irakasleek lortu zuten mobilizazioaren bidez, halabeharrezkoak ziruditen jukutriak, zentro barruko gaiak liratekeenak, afera publiko bihurtzea.
Horri esker jo zuen Rodriguez Susoren bizkar hezurrak lurraren kontra. Entxufismoaren, atzamarrez hautatutako karguen, kudeaketa txarraren aurka bakoitzak bere alorrean beste horrenbeste egingo balu, mundu honek musika hobea edukiko luke segur aski.
PS: Gaia jarraitu ez duenarentzat, Musikenen izan ziren gorabeherak ondo laburbiltzen ditu Ander Perezek ARGIAn idatzi zuen artikulu honek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA