Etxekoak kanporatzen

Gorka Bereziartua
4

EusKKKalduna naiz eta arraro nago.

Gure artean daude. Geroz eta gehiago dira. Kezkatzen hasia naiz ez ote gaituzten jango. Azkenaldian nonahi, kalean, tabernan, erosketak egiten aurkitzen ditut eta, zer nahi duzue esatea, ez naiz ohitzen, deseroso sentitzen naiz inguruan ditudanean, mehatxua dira gure gizartearentzat. Berdin zait euskaraz ari baldin badira ere, nahiago nituzke nigandik urrun. Ozen hizketan, eskua luzatu eta besoa hartu, mundu guztia beraien legera bizi behar dela pentsatzen.
Euskotar pedigria duten arrazistez ari naiz.
Ana Urkizak Deian zutabe bat idatzi du eta ulertarazi dit zergatik daukaten izen hori horrelako pieza periodistikoek, zementuzko zutoin baten kontra muturrez jota ez bainuen min handiagoa hartuko.
Esaldi batzuek XIX. mendean idatziak dirudite (“Kirol medikuek dakite ondo azaltzen haien hanketako zuntzak eta baita hezurdura ere, europarrenekin konparatuta, nola diren ezberdinak. Lohi artean ibiltzeko aproposagoak, diotenez”). Artikulu osoak beldurra izerditzen du, afrikarra mehatxuarekin identifikatuz. Eta zalantza daukat bukaeran egiten den entrenamendurako deia ez ote dagoen Sturmabteilung estiloko zerbaiten premia aldarrikatzetik urrats bakarrera.
Kanpokoak etxeratu? Eta etxeko batzuk kanporatzen baditugu?

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA