325 disko inguru argitaratu ziren 2012an Euskal Herrian, erdia baino gutxixeago euskaraz. Auto-ekoizpenak goraka jarraitzen du eta estilo aldetik ugaritasuna da nagusi. Hirugarrenez Entzun!ek eta Harrobia Lantzenek argitaratu duten Gureandoinu txostenetik (pdf) ateratzen diren ondorioak dira.
Kopurua aurreko bi urteen antzekoa da —2011ko txostena (pdf) eta 2010ekoa (pdf)— eta ohitzen joan beharko dugu, nahiz eta harrigarri samarra den zenbat musika argitaratzen den eta zenbat pasatzen den ia oharkabean. Kontuak horrela jarraituko du, kritikak behar bezalako garrantzirik hartzen ez badu: publiko handiarengana iritsi ahal izatea gihar promozionala dutenen esku egongo da, batez ere.
Inaxio Esnaola kazetariak txostenaren editorialean nabarmendu du hainbat talde hasi direla Soundcloud eta Bandcamp bezalako plataformak erabiltzen euren musika zabaltzeko. Hori ere ez da berri-berria, lehendik Myspace aski erabilia zen. Internet ezinbestekoa bihurtu da edozein talderentzat baina, ez dirudi euskal musikak Buztan Luzeko ekonomia garatzea lortu duenik.
Bestalde, Esnaola kritiko agertu da Josu Zabalak urtarrilean Huheziko EKT graduondokoan esandakoekin: “Duela hilabete gutxi unibertsitatera hurbildu zen, euskal musikaren heriotza berretsiko zuelakoan. Ez da horrela pentsatzen duen bakarra. Badira hamarkada loriatsuetan trebatutako hainbat iritzi berekoak. Beraien zoritxarrerako, ordea, oker daude (…) gure musikagintzak bere bidea egiten jarraitu du. Segitzen du. Erritmo onean, gainera”.
Eguneraketa (2013-II-27, 17:01):
Haritz Odriozolak gai interesgarria ukitu du Twitterren honekin lotuta: Gazteak euskal musikaren zabalkundean jokatzen duen (edo jokatzen ez duen) rola. Ahaztu samar ez ote daukagu euskal irrati-formula publikoa, galdutako bataila delakoan?
2 Iruzkin
Aipatu duzun bezala, urtean ateratzen diren Euskal Herriko argitalpenen herena baino ez du ezagutzen hala nola euskal jendarteak. Horren erantzukizuna argitzea ez da erraza. Diskoetxeen babesa duten taldeek hedabideen arreta izaten dute. Beste hainbatek promozio enpresen bidez hedatzen dituzten beraien argitalpenak, eta batzuk iristen dira hara eta hona. Jendarteak ere badu zer esanik, interes nabarmenik ez dagoelako bertakoa ezagutzeko. Eta gainera, iraganeko musikariek egungoa kritikatzen badute (herena ezagututa), interesa gehiago apaltzen da.
Horrez gain, Soundcloud eta Bandcamp aipatzea bada berria, eta ezin dira inolaz ere alderatu zaharkitua eta erabiltezin geratu den Myspace plataformarekin. Aurreneko biak musika streaming bidez eskaintzeko eta saltzeko guneak dira, eta Myspace sare sozial hutsal bat musika partekatzeko aukera ematen duena. Beraz, aipatu lehen bien aldeko apustuak gora egin izana esanguratsua da, besteak beste, lan tresna duin eta erabilgarri gisa ikusi dutelako makina bat taldek. Esaterako, Berri Txarrak taldeak urte hasieran jarri zuen martxan bere profila Bandcamp atarian. Myspace delakoaren parekoak LastFM eta ReverbNation lirateke (bata zaharragoa eta bestea berriagoa).
Nolanahi ere, mila esker GUREANDO!NU urtekaria partekatzeagatik! 😉
Aupa Inaxio!
Ok, uste nuen Bandcamp Myspacearen aldaera guaiagoa besterik ez zela. Musika entzuteko bakarrik erabiltzen dut, ez dut plataforma ezagutzen, beraz eskertzen da aklarazioa.