Artazi-ekaitza

Gorka Bereziartua
2

Tinta asko isuri du prentsak Eusko Jaurlaritzak onartu nahi dituen aurrekontuei buruz eta komeni da kulturan egin gura dituzten murrizketa esanguratsu batzuk –oraingoz ezagutzen ditugunak behintzat–, zerrendatzea. Artazi-ekaitza hasi besterik ez da egin, erosi guardasol on bat, altzairuzkoa, ahal dela:

Hasi besterik ez da egin murrizketa-jasa.

• Kultura bonoa: desagertu egin da aurrekontuetatik (600.000 euroko mozketa).

• Donostia 2016: 1,5 milioi hitz eman eta 350.000n geratuko direla dirudi (1.150.000 euro kendu, beraz).

• Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: Jaurlaritza da diruz laguntzen duen erakunde bakarra eta 6,4 milioi emango dizkio (870.000 euro gutxiago).

• Guggenheim: obrak erosteko Jaurlaritzak ematen zuen kopurua desagertu da (milioi bat euro inguruko mozketa, otsail amaierako albiste honetatik ondorioztatzen denez).

• Eszenika: otsailaren erdialdean iragarri zuen Jaurlaritzak Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola ez dela gauzatuko oraingoz (5-6 milioi euroko aurrekontua zuen).

Kaferen bat edo beste ordaintzeko ematen du aurreztuko den diruarekin, baina, ondorio mundutar horretatik harago, beste gauza batzuk ere ikusten dira:
1) Neurri batzuek ez dirudite har zitezkeen txarrenak. Gabon hauetan kultura bonorik ez edukitzeak edo Guggenheimen obra berrietarako sosik gabe geratzeak, kontsumoari eta museo titanikoaren erakargarritasunari eragingo diote gehienez, ez sorkuntzari.
2) Eszenika bertan behera geratzea bada kezkagarria. Eta bazegoen modua diru gutxiago gastatuta horrelako zerbait martxan jartzeko, Oier Araolazak Dantzan.com webgunean adierazi zuen moduan: “Isabel Celaari berari jakinarazi zitzaion 2009 urtean, bazituela beste aukera batzuk, 2009an bertan eskolako ateak irekitzeko moduan. Lantaldea antolatu beharra soilik zuen. Ez zeukan gainera egoitza definitiboa izan beharrik, abiatu zitekeen toki batean, eta egoitza definitiboa prest zegoenean aldatu tokiz. Baina eskola lehen egunetik Bilbon jartzearekin tematuta zeuden eta beste aukerak aintzat hartu gabe egin zuten aurrera”.
3) Aparteko kapitulua mereziko luke Donostia 2016ren finantzazioak. Pertsonalki, ez ditut kultur hiriburua bezalako festak bereziki maite (nire objekzioak hemen, lehenengo puntuan batez ere), baina badirudi EAEko gobernuak “nik ez badut kudeatzen, ez dut finantzatuko” esan duela, bestela ez da ulertzen duela urtebete onartutako memorian agindutakotik hainbesteko jaitsiera. Espainiako Kultura Ministerioak egitasmoari dirurik ez ematearen atzean ere Donostiako Udalaren egungo konposizioa egon litekeela pentsatzea ez da erokeria.
4) Jasangarritasuna da gakoa. Eguneroko kulturgintza sustatzen duten egitasmoak ezin dira labanaren ahoan ibili eta aldiz, azalekoagoak diren gastuetan murriztuta ere, gutxik antzemango lukete aldea. Joan den astean aurrekontu-doitzeen oturuntzarekin batera, Etxepare Institutuak Madrilen antolatu duen erakusketa honen berria gosaldu genuen: bertan behera utzi izan balute ere ez dut uste inork negarrik egingo zuenik. Eta sos batzuk aurreztuko ziren –zenbat ezin esan, ez baita argitaratu–.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA