Zinema beltza, laburra eta ezohikoa: duela bi urte moto istripuz hil zen Alex Aranaren omenez Plentzian antolatzen den Mikrofilm lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu zen duela aste batzuk eta hala jarraituko du, zabal-zabalik, maiatzaren 6ra bitartean.
Bigarren aldia da Nazioarteko Metraje Laburreko Filmen Lehiaketa antolatzen dutena eta aurtengo edizioa girotzeko kontzertua antolatu zuten joan den asteburuan Bilboko Kafe Antzokian HEX, The Baker Brothers eta Go Chic taldeekin (“mikroekintza” gehiago ere egingo dituzte jaialdia hasi aitzin).
Uztailaren 5ean eta 6an erakutsiko dira presentatu diren lanak, alde zaharreko elizan. Lehentasunezko tratua izango dute arlo estetikoan kontraste biziko sekuentziak dauzkaten filmek, argi-ilun handiko argazkia dutenek, giro estuak irudikatzen dituztenek… Tira, noir zinema jaialdi bat izanda, badakigu zertaz ari garen ezta?
Dirua: 1.500 euro film labur onenarentzat. 500 euro ikusleen saria irabazten duenarentzat. Izena emateko formularioa eta behar duzuen informazio guztia, Mikrofilmfestival.com webgunean.