SGAEri buruzko kontuak beti izaten dira nahiko ilunak baina Anton Reixak martxoaren 13an argitaratu zuen komunikatua irakurri (Naizek eman zuen gaiaren berri astelehenean), eta bistan da Espainiako Autore, Editore eta 40 Lapurren Elkartean ere mailak eta mailak daudela.
Gora musika! titulu irudimentsua –irudimena behar baita aldarria talaia horretatik egiteko– jarri dio Reixak agiriari, eta ez da irakurgai txarra egile-eskubideak kobratzeko sistemak Espainiako Estatuan nola eboluzionatu duen ikusteko. Tira, agian zehatzagoa litzateke batere eboluzionatu ez duela esatea. Edo inboluzionatu egin duela. Reixak esplikatuko dizue:
“Joan den mendeko 80ko hamarkada baino lehen, ustezko sortzaile kolektibo isilpeko baten kontrolpean zeuden SGAEren gobernu-organoak. ‘Tupamaro’ ezizenez ezagutzen zituzten, izengoiti exotikoa inondik ere. Horietako asko militar musikariak ziren, miliziako lana konbinatzen zuten dantzarako eta erromerietako orkestretako beharrarekin. Urte haietako SGAEren diru-bilketak errepasatuz gero, kopuru handienak ez ziren izaten garai ilun eta zail haietan musika arin eta sinfonikoaren ezagutza bultzatzen zuten meritu handiko profesionalentzat. Diru gehien jaso zuten obren artean Kilker horia bezalako titulu enigmatikoak daude. Ez dago musikologorik, ezta giza belarririk ere, obra horren bertuteen berri eman dezakeenik. Erraza da zergatik esplikatzea: Kilker horia titulu bat zen beste ehunkaren artean, ‘tupamaroek’ maneiatzen zituzten programa-orrien ‘gurpil’ perbertsoaren barruan ‘exekutatutako’ (sic) obra gisa agertzen zena”.
Hau da, existitu ere egiten ez ziren piezak “jotzeagatik” kobratzen zutela (ez zitzaidan behin ere bururatuko jornala horrela irabaz zitekeenik).
Segi dezagun: ez gaude Francoren urte ilunetan, baina SGAEko presidenteak harriduraz dakusa nola banatzen den pastela orain ere.
“Telebistetatik datorren SGAEko egile-eskubideen bolumena gure sarrera sozialen ia %50 da gaur egun. (…) Telebista emandegiek, urtero egile horiei ordaintzen dizkieten kopuruak amortizatzeko, euren negozio editorialak garatu dituzte. Horraino, ez dago ezer esateko zilegi den praktika horri buruz. (…) Problemak sortzen dira gehiegikeria egoerak eta merkatu nagusitasunak sortzen direnean eta egileok presioa jasaten dugunean neurrigabeko klausulak onartzeko portzentajeetan edo iraunaldietan. Azkeneko bi urteetan, egileen esan gabeko konkista izan da (baina oso egonkortua), editorialei %50 uztea ez dela praktika ohikoena eta portzentajeak editorearen eta egilearen artean banatzea negoziazio zintzoaren ondorio izatea. (…) Baina hori gertatzen da telebistarekin loturik ez dagoen sektore editorialean (izan konpainia independente edo transnazionaletan). Kateen menpeko editorialek, salbuespen gutxi batzuk kenduta, eskubideen %50 lagatzeko prest dauden egileekin bakarrik sinatzen dituzte kontratuak. Are okerrago, emititzen duten musikaren zatirik handienaren ekoizpena egileen %50ak finantzatua da, telebistek bultzatzen baitute, edo gutxienez baimentzen (edo gaia saihesten) hainbat bitartekari sartzea, ekoizpen hori ordaintzen dutenak ko-egiletza zesioak adostu ditzaten benetako sortzaileekin. Hau da, mundua hankaz gora: egileak editoreak finantzatzen. Eta bitartekari horiek dira (Egileak? Ekoizleak?) SGAEko konpositoreen diru-bilketa rankingeko buru, gainontzeko guztiei diru-sarrerak kentzen dizkieten kopuruekin”.
Bitartekari-sare horren zenbait praktika: egileei autoretza guztiz uztera derrigortzea, kobratzean irregulartasunak, ekoizpen gastuak egileei eskatzea, obren tituluak faltsutzea araudiak hankartetik pasatzeko edo “lastozko gizakiak” erabiltzea, kontratuetan benetako egileak ezkutatzeko.
Interesgarria da etxe barrutik norbaitek horrelako praktikak salatzea. Hortik aurrera, hainbat neurri hartuko direla iragarri du Reixak eta erreakzio gorrituren bat ere etorri da jomugan sentitu direnen partetik.
Galiziako musikariaren ekimena makillaje-ekintza ala erakundea zintzoki garbitzeko saiakera ote den zalantza daukat; eta gainera, tautologiek batzuetan balio dute gauzak konplikazio handirik gabe esplikatzeko: SGAE SGAE da eta ipuin honen amaieran lapurrek beti irabazten diote Ali Babari.
1 Iruzkin
[…] hori iruditzen zait helduleku sendoena. Aurtengo martxoan Reixak argitaratu zuen artikulu bat nahikoa arrazoi izango zen elkarte horretako edozein zuzendariren burua pirritan joateko, denok […]