EAEko kultur politikari buruzko analisia egin du Iñaki Martinez de Albeniz soziologoak Compostelako unibertsitateak argitaratzen duen RIPS aldizkarian. Bere hipotesia da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako politika kulturalaren bereizgarria, kulturaren zentraltasun eza dela. Labur esateko, politika kulturala gehiago dela politikoa, kulturala baino –“politiko” hitza Carl Schmitten zentzuan ulertuta, hau da, “lagunak” vs. “etsaiak”–.
Artikuluko bigarren puntua egin zait bereziki interesgarria, gaur egungo egoerara nola iritsi garen ulertzeko baliagarria delako. EAEko kulturaren instituzionalizazio prozesua azaltzen du, Francoren diktaduratik gaur eguneraino, esplikatuz, besteak beste, azpiegiturak eta diru-laguntzak lehenetsiz nola galgatu den kultura bizia.
Gauza “ukigarriak” baitira garrantzitsuak hemen, “makina-erremintaren” herrian. “Estrategia hori ohikoa da modernizazio instrumentaleko prozesuetan: inbertsioetan berri-berrienera jotzea segiziozko sare bat osatuz, zeina errutina administratiboetara ohituko den; eta benetako modernizazioa edo modernizazio ‘erreflexiboa’ eragin gabe, hau da, gizarte zibila kulturalki ahalmendu gabe”.
Azken urteotan eredu aldaketaren zantzuak antzematen hasiak direla dio Martinez de Albenizek. Pesimista deituko didazue, baina…
2 Iruzkin
Ba Ana Urkiza ez dago zurekin ados: http://www.deia.com/2013/03/25/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begira/kulturaren-deszentraltasuna Makina-erramintako enpresek, antza denez, “lan egiteko modua, kalitatea, kirola, musika, gastronomia, ingeniaritza, ikerkuntza, ezagutzaren transferentzia egiteko formulak eta beste hainbat gauza saldu” dituzte. (Euskal) Kultura alegia.
En fin. Agian hau da “Etxekoak kanporatzen” artikuluari erantzuteko aurkitu duen modu bakarra…
Mila esker erreferentziarengatik Iban. Pena da, zutabea Martinez de Albernizen artikulua irakurri gabe idatzi du. Agian hortik atera zezakeen zerbait interesgarria idazteko edukia, kontu-garbitze pertsonal hauetan ibili gabe.