Murrizketa gehiago EAEko Kultura Sailean: Musikene, Etxepare eta Balenciaga

Gorka Bereziartua
4

%23ko murrizketa izango du Etxeparek aurrekontu proiektuaren arabera

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kulturako aurrekontuen murrizketa andanaren berri dakar gaur El Diario Vascok. Batzuk aurreratu genizkizuen joan den astean. Beste batzuk, esanguratsuak, jarraian zerrendatuta:

• Musikene: %14 gutxiago.

• Etxepare Institutua: %23ko murrizketa.

• Balenciaga museoa: ia laguntzaren erdia, %45 kenduko dio Jaurlaritzak.

Getariako museoak jasan duen murrizketak handia irudi lezake eta hala da (550.000tik 300.000 eurora jaitsi dio laguntza Jaurlaritzak). Beste doikuntza batzuk ere gehitu behar zaizkio, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Kultura Ministerioak ere diru gutxiago emango baitiote.
Hala ere, Balenciagak 2013an diru publikotik 940.000 euro jasoko ditu. Irakurlearen esku utziko dut kopuru handi samarra ez ote den ebaztea.
Etxepareren murrizketari buruz Aizpea Goenagak Mitxel Ezquiaga kazetariari adierazi dio institutua krisi garaian jaio zela eta “ohituta” daudela “baliabide gutxirekin gauza asko” egitera. Pentsatzen dut “baliabide gutxi” aipatzen dituenean ez dela ari bere soldataz (78.674 euro) edo Etxepare aurkezteko egun bakarrean gastatu zituzten 200.000 euroez.
Uste dut aurrekontu-argaltzearen ondoriorik txarrenak ez ditugula oraindik ezagutzen. Hemen aipatu ditugun zenbakiok ez dira behin betikoak, negoziatzeko prestatutako egitasmo baten parte baizik. Joxean Muñoz kultura sailburuordeak asteburuan Berriari eskaini dion elkarrizketak data batzuk zehazten ditu: maiatzaren hasieran aurrekontuak adosteko elkarrizketak bukatuko dira eta EAJk proiektua onartzeko soziorik lortzen ez badu, diru-laguntzak “asko” atzeratu litezke.
Orduan problema ez lirateke murrizketak, sikatea baizik.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA