Boligrafo Gorria
Musika
by Gorka Bereziartua
  • Musika

Ihes egin behar ez dizun disko horietako bat

Gorka Bereziartua
2013-04-11
1

Aguxtin Alkhat eta diskoan lagundu dion taldea (argazkia: Rafoto).

Ihes egin izeneko sei kantako EP bati buruz gaurkoan (barka beraz, titularreko originaltasun faltagatik). Entzuni esker izan dut Aguxtin Alkhat heletarraren estreinaldiaren berri eta, haren Bandcampean entzun ostean, arreta merezi duela iruditu zait.
Oinarria folk-rockean duten kantak dira, pare bat abestitan Dylanen ukituren bat, Steve Earlek joan den hamarkadaren erdialdean egiten zuenaren antza eduki dezaketen gauzak eta konplikazio handirik ez konposizioetan (onerako, kasu honetan).
Lanari titulua eman dion Ihes egin eta Ez omen da berantegi nabarmenduko nituzke. Lehenbizikoaren tempo lasaiak hasieratik iragartzen du etorriko den crescendoa, epikara hurbiltzen dena, baina pasatu gabe. Diskoa ixteko pieza horietako bat (parentesi artean: bitxia da, baina goiko notetara iristean Gorka Urbizuren kantatzeko moduaren arrasto bat antzeman dudala iruditu zait).
Denboraren joana, galdutako lagunak, eskertu gabe geratu diren gauzak aipatzen dira Ez omen da berantegin, baina hitzak esplizituagoak ere badira, presoak, errefuxiatuak, “dena eman duten” guztiak aipatzen ditu. Folk-rock klabean Niko Etxarten edo Anje Duhalderen garaietatik ez nuen gauza hain zehatz aipatua entzun. Gaira hurbiltzeko modua da diferentea, kanta honetan oraindik taupaka dagoen zerbaiten nostalgia moduko bat antzeman baitut, aldarrikapen sinetsietatik urrun.
Diskoa zabaltzen duen Gau eta egunez heroinazale bati buruzko kronika da; Laia berriz, armonikaz lagundutako sehaska kanta bat; Ezaren gudak eta Gezurra dirudik konbentzitu naute gutxien, beharbada hitzak musikaren mailara iristen ez direla iruditu zaidalako. Pieza gitarreroenak dira, zuzenekoetan beste itxura bat hartuko dute segur aski.
Alkhatek talde sendoa antolatu du bere inguruan, baterian Willis Drummondeko Felix Buff eta baxuan talde bereko Xan Bidegain; Sister Simone and The Holly Balls taldeko Julien Labat arduratu da gitarraz eta Unamako Kamila eta Nahia Zubeldiak koruak egin dituzte bizpahiru piezatan.
Usopop zigiluarekin argitaratu da EPa, 300 kopia 8 eurotan bakoitza. Eta, behin Usopop aipatuta, ezin esan gabe utzi festibalaren laugarren edizioa maiatzaren 4an izango dela Saran. Bigott buru duen kartela ez dago batere-batere-batere gaizki.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

aguxtin alkhatfolk-rockihes eginusopop
1 Iruzkin
    leire narbaiza (e)k dio: Erantzun
    2013-04-12, 0:01

    Eskerik asko, Gorka, kantari honen berri emateagatik! Lehenengo entzunaldia oso gustuko. Desberdina. Horrela jarraituz gero, bide luzea izan dezakeena!

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Margaret Thatcher hil da: jarri musika apur bat2013-04-08
Top-5: Herri Harresi baterako kantak2013-04-17
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA