Top-5: Herri Harresi baterako kantak

Gorka Bereziartua
2

Ez dakit zehaztasunez zer ari den gertatzen Donostian uneotan, ez dakit noiz bidaliko dituzten agenteak atxiloketa exekutatzera, ez dakit lortuko duten horrelakorik ala kondenatuen babesean atera diren ehunka lagunek presondegiko mekanikaren hortzak saltaraziko dituzten.
Dakidana da soinu bandatxo bat jarriko niokeela AskeGuneari. Herri Harresi baterako kanten nire Top-5a duzue jarraian.

5.- Lagun galduaren geografia – Joseba Tapia:
Andoni eraman zutenez gero… Euskal Herriko geografia osoa garrazten zaio kantako kontalariari, behin eta berriz laguna burura etortzen. Horrelako penetan gabiltza urteak joan eta etorri, atxiloketak jai eta aste.
 
4.- Sokaren itzala – Dut:
Eta bat-batean norbaitek sententzia apurtzen du, “kostako zaizue gu harrapatzea” esaten du. Duten 1996ko Sokaren itzalak oihukatzen zuen moduan: “Espetxeak beraien jabeentzat!”.
 
3.- Stop al panico – Wemean:
Beldurrari aurre egiten ari dira Boulevardean, Wemean taldeak egindako Stop al panicoren bertsio honek (jatorrizkoa Isolla Posse All Star hip hop taldearena da) aldarrikatzen zuen moduan.
 
2.- Solidarity – Angelic Upstarts:
Lagunak arreba bihurtzea, esperantza, indarra, bizitza elkarri ematea, “kandela bat gauaren ilunean”. Angelic Upstartsen klasikoak langile poloniarrez hitz egiten zuen, Donostiako gazteez hitz egin zezakeen modu berean.
 
1.- The Times They Are a-Changin’ – Bob Dylan:
Eta behin klasikoekin hasita, Dylanen bat, oso topikoa izan litekeen arren egoera islatzeko niri behintzat balio didana. Garaiak aldatzen direla, zerbaitek klak! egin du kontzientzia kolektiboan egunotan. Senatariei eta kongresistei dei egiten die kantak pasarte batean: “Bataila bat dago kanpoan eta okerrera doa, laster zure leihoak astinduko ditu eta zure hormak dardarka jarri, garaiak aldatzen ari dira”.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA