Donostiako jaiak eraldatu dituen fenomenoa ez zuen inork kontatuko gaur aipatzera goazen dokumentala egin izan ez balute. Hortik hasi behar Izan Piratari buruzko iruzkina, ohitu egin baikara zenbait ekimen establishmentaren hedabideetan modu aski sektarioan isilarazita ikustera, hanka puntetan pasatzeko zaratatsuegi bihurtzen diren arte.
Herritar askoren ekarpen ekonomikoek egin dute posible joan den larunbatean Antzoki Zaharrean estreinatu ahal izatea. Sarrera polita 18:00etako pasean, giroan oraindik Bulebarreko Herri Harresia: haren tripetatik erauzitako gazteen senideek txalo zaparrada jaso zuten proiekzioa hasi aitzin.
Izan Piratak Donostiako “beste” jaien historiatxoa egiten du, Aste Nagusi ofizialak periferiara desplazatu zituen ospakizunak aipatuz eta 1980ko hamarkadan kaian antolatzen zen gune alternatiboan enfasia jarriz: milaka lagun biltzera iritsi zen, Udala kontra jarri zitzaion arte. Kontra jarri eta, dena esaten hasita, udaltzainak bidali (aurrena) eta ertzainak (gero).
1990eko hamarraldiko sikatea ekarri zuen horrek (lagun batek “zazpi larunbat segidan” esaldiarekin laburbiltzen zuen panorama milurteko berriaren atarian; alegia, parranda bazegoela, baina ez jaiek izaten duten beste “zera” hori). Lehenbiziko Abordaia 2003ko abuztuan antolatzearekin batera hasi zen berriz zalantzan jartzen su artifizialen eta izozkien Aste Nagusi hura (irri eta higuin franko eragiteko moduko irudiak eskaintzen jarraitu duena, bestalde).
Nola lortu duten gutxi batzuen ekimena izatetik halako muntaiara iristea, hori esplikatzen ere saiatzen da filma eta gako garrantzitsu batzuk ematen ditu, nahiz eta inpresioa eduki dudan ez duela erabat lortzen. Bi motibo nagusirengatik, nire iritziz: filma lagin bat delako, batetik; bizirik eta etengabe garatzen ari den zerbaiten momentuko argazkia, ez a posteriori egindako material bilketa; eta bestetik, puntu batetik aurrera protagonistek darabilten lexikoa motz geratzen delako Piratena bezalako fenomenoa esplikatzeko (“herrikoi” hitza erabiliaren erabiliaz gastatzen hasia zaigu).
Faltan bota dut Abordaia jaien programa ofizialean sartzeak eragindako frikzioei buruzko aipamenen bat ere, jai eredu alternatiboari buruzko eztabaida orokorrago baterako abiapuntu ona izango litzatekeela uste baitut.
Meritu handiko lana, dena den. Donostiako Piratak historia egiteaz gain historia kontatzen ere hasi dira eta eskertzekoa da hain modu txukunean egitea.
1 Iruzkin
Irakurketarekin bat egiten dut Gorka. Donostiako Piratak mugimenduko parte izandakoa naizenez, beste era batera jaso nuen dokumentala (emozioz, noski). Ondorioztatu nuen oso zaila dela deskribatzea mugimendua eta inguruan duen guztia (aurrekariak era bikainean jaso dituzte). Ez du sakontzen Udaletxearekiko harremanean, egun aldatu dena, baina jakina da istorioak segida duela (zorionez). Markel Ormazabal bueltan izateak benetako arnasa emango dio belaunaldi berriekin aurrera egingo duen herri ekimenari.