Badira hiru egun gutxienez albistea zirkulatzen dabilela: Ekaitzaldi bloga itxita dago. Euskal Herriko musikarien diskoak doan deskargatzeko loturak eskaintzen zituen eta sekulako artxiboa osatu du azken urteetan, atari undergrounda eta ez-dakit-erabat-legezkoa izan arren, musikazale askoren erreferente bihurtzeraino.
Bloga zergatik itxi den ez dago argi. Twitterren irakurri ahal izan dugunez, arduradunak arrazoi pertsonalak argudiatu ditu, bere borondatez itxi omen du. Gehiago jakin nahian atariarekin harremanetan jartzen saiatu gara, baina ez dugu erantzunik jaso.
Inork ez dio aitortuko Ekaitzaldiri urte hauetan euskal musika denon eskura jartzeko egin duen lana. Eta ez, ez da harritzekoa, kontuan izanda askoren ustez atari “pirata” bat besterik ez zela. Gertatzen da, bide horrek –deitu “pirata” nahi baduzue, nik “XXI. mendea” esango diot–, publiko potentzial eta erreal askoz zabalagoa daukala gaur egun digitalak ez diren banaketa-sareek baino.
Are gehiago, eta barka boutadea, esango nuke nire inguruan jende gehiagok entzun dituela azken urteetako euskal taldeen nobedadeak Ekaitzaldiri esker, dendetan edo Durangon CDak erosita baino. Zer esanik ez, aurkitzen zail samarrak ziren diskoak berreskuratzeko ezinbesteko erreferentzia zen –urrunago joan gabe, Imanolen disko hau Ekaitzaldiri esker lortu dut, bestela ezingo nuen–.
Ados, dena ez direla arrosa eta ardo kontuak, blogak musikari batzuen haserrea ere piztu zuen, euren diskoak aurkeztu baino lehen sarean harat-honat zebiltzalako. Eta eztabaidatu liteke obrak kargatzeko erabilitako plataforma zentralizatuak ote diren banaketa digitalerako aukerarik onena –Megaupload itxi zutenean hautu horren ahulguneak bistan geratu ziren–.
Baina eztabaidarako gaiak dira, gehienez. Argi dagoena zera da: bloga bertan behera geratuta, musikariak aterako direla galtzen. Gaur egun Ekaitzaldik ez dauka alternatibarik. Beste norbaitek lekukoa hartzen ez badu, ez pentsa jendea korrika joango denik disko dendara. Eskura dauzkan musikak entzungo ditu. Euskal taldeen lan gehienak ez daude.
PS: Archive.org webguneak gorde ditu Ekaitzaldiren zenbait pantaila eta horri esker disko batzuen deskarga-loturetara iristeko modua badago oraindik.
17 Iruzkin
Idatzi duzun testua irakurri ondoren, ez nago guztiz ados esaten dituzun gauzekin. Musika betidanik oso gertu izan duen pertsona gisa idazten dizut eta ez dut uste inoiz musikarien lekuan jarri zarenik hau guztia idazteko. Ez dizut esango inoiz Ekaitzaldi blogean sartu ez naizenik, eta baita diskak deskargatu ere. Baina musikari bultzada emateko bidea diskoen deskarga dela ikusten al duzu? Ez dakit guztiz kontziente zaren artearen bidez bizitzeak dakarren lanaz. Doan jotzeko eskatzen dizuten leku guztietaz, ‘zuk gustuko duzulako jotzea’. Baina musika klaseak jasotzera joanez gero, irakasleak ez dizu erakutsiko ‘gustuko duelako irakastea’, eta musika dendakoak ez dizu instrumenturik oparituko ‘gustuko duelako saltzea’. Horrez gain, estudioko langileek, masterizaziokoek, ekoizpenekoek, ensaiatzeko lokalen jabeek edota materiala garraiatzeak suposatzen duen garraiobide eta gastuak ere ez dizkizu inork ordainduko, ‘por amor al arte’, esaten den bezala. Musikak badu bere balioa, eta balio hau jaso beharko luke kontsumitzen den leku eta formatu guztietan. Nik ez dizut esaten musika deskargatzea bekatu mortala denik, nik ere askotan egin izan baitut. Esaten dizudana da, guztiok egin beharko genukeela hausnarketa bat honi buruz. Ekaitzaldik eskatu ote die musikari horiei beren diska eskegitzeko baimena? Egun dena eskura ematen digun gizarte honetan zaila dirudi musika kontsumitzeko bide etikoagoak erabiltzea. Benetan uste duzu Ekaitzaldiri esker izan ez balitz ez zenukeela Imanolen diska hori aurkituko? Proposatuko dizut bide berri bat: itzali ordenagailua, atera etxetik, musika dendetara joan, eman begirada bat dauden guztiei eta, gustuko baduzu, baten bat erosi. Horrek emango dio bultzada musikari, baina batez ere musikariei, hain gustuko dugun beraien musika egiten jarraitzeko bideak izan ditzaten eta beraien lanak errekonozimendu bat jasan dezan.
Aupa Olatz, mila esker iruzkina uzteagatik.
Bat nator hausnarketaren beharra azpimarratzen duzunean eta hain zuzen ere, bide horretan egindako ekarpena izan nahi zuen Ekaitzaldiri buruzko honek.
Irakurketa oso erredukzionista iruditzen zait diskoak erosiz musikariak laguntzen direla esatea. Imajinatzen dut nik baino hobeto ezagutzen duzula disko bakoitzaren salmentatik musikariari iristen zaion portzentaje irrigarria (%10 da? %15?).
Diskoa dendan erosteak musikariari baino bitartekari sareari laguntzen dio ekonomikoki. Eta Internetekin bitartekari sare hori, lehen ezinbestekoa zena, bigarren mailako bihurtu da.
Hortik aurrera: noski, musikak bere balioa du eta hori ekonomikoki ere islatu behar da. Horregatik noa kontzertuetara sarrera ordainduz, horregatik erosten ditut taldeen CDak kontzertu ostean, badakidalako diru hori oso-osorik doala musikarien eskuetara; eta horregatik laguntzen dut gustuko ditudan taldeen diskoak finantzatzen (Interneti esker posible dena, dena ez baitira arazoak).
Prentsarekin berdina egiten dut, bide batez: egunkari eta aldizkari pila irakurtzen dut doan Interneten eta horietatik gehien merezi dutenei ematen diet dirua. Eta begira gauzak zer diren: ez ditut kazetariak sutan ikusten beraien artikuluan beste medioetan, sare-sozialetan eta abar zabaltzen direlako. Musikariak baino tontoagoak ote gara? Ala negozio-eredua birplanteatu beste biderik geratzen ez zaigula jabetu gara?
Eskertzen dizut kalera ateratzeko egin didazun gomendioa, eguraldi polita egiten baitu. Dena den, ordenagailua itzali aurretik liburu honetako bigarren kapitulua irakurtzeko gomendatuko nizuke.
http://www.unia.es/components/com_booklibrary/ebooks/libro_manualcopyleft.pdf
[…] den astean aipatu genuen Ekaitzaldi saretik desagertu zela. San Fermin bezperan bloga berriz bisitatzeko moduan dago eta behean irakur dezakezuen mezua […]
Biekin bat nator zentzu batean edo bestean… agian gehiago Gorkarekin, nik ere internet sarri erabili izan dudalako lortzeko zailak diren edukiak eskuratzeko (liburuak, filmak eta musika batik bat). Tira, erosotasunagatik eta xox batzuk aurrezteko ere erabili izan dut, ez dut gezurrik esango…
Baina grazia egin dit Gorkak konparatzen dituenean egunkarien eta musika taldeen eduki digitalak sarean jartzea, erabat debalde, konparaketa zinikoa iruditzen zaidalako. Ezberdintasuna da, hedabideek eurek erabakitzen dutela edukiak sareratzea, eta musika taldeek (askok, gehienek) ez dute erabaki beren edukiak Ekaitzaldin edo bestelakoetan jartzea (ez dut uste, eta hortan bat nator Olatzekin, Ekaitzaldiko arduradunak baimenik eskatu dien musikariei beren edukiak debalde sareratzeko). Gai konplexua da.
Desde el respeto institucional, agur bat.
Zinikoa? Motel, hainbesterako?
Bide batez, planteamendu horrek baimenaren kulturara garamatza:
http://en.wikipedia.org/wiki/Permission_culture
Nik berriz, nahiago dut Lessigek aipatzen duen remixaren kultura.
Mila esker gomendioagatik, Gorka. Disko bat grabatu dudan pertsona bezala esaten dizut copyleft-a, creative commons-a eta opyright-ari buruz zer edo zer badakidala eta ez dudala uste blog horretan eskegita zeuden diska guztiek copyleft lizentzia mota izango zutenik, ezta gutxiagorik ere. Esaten dizut, baita ere, denda batean erosten duzun diskaren %10-15a, – kasutik kasura, bai dendaren arabera eta baita diskaren egile eta disketxeen arabera ere – dela bitartekariek eramaten dutena, sello diskografikorik gabekoa bada adibidez, beste guztia egilearentzat litzateke.
Honekin guztiarekin ez dut esaten zurekin gauza batzuetan ados ez nagoenik eta neri ere interneta izugarrizko baliabidea iruditzen zait, esana dizut ni naizela diskak deskargatu ditzazkeen lehena, nire helburua beste ikuspuntua ere mahai gainean jartzea zen.
Eta azkenik beste gauzatxo bat: zenbat kostatzen zaizkie kazetariei artikuluak? Ekonomikoki diot, ze musika talde batentzat esango nuke ia ezinezkoa dela disko bat grabatzea 3000€ baino gutxiago utzi gabe (instrumentuak, lokala eta garraioa kontatu gabe). Behar bada, bertan duzu sutan jartzeko (edo ez jartzeko) arrazoia.
Mila esker eztabaida esparru hau izateko aukera emateagatik.
Eta musikaren deskarga librea? Hala erabaki duten taldeentzat, noski baietz.
Ah, eta ez dut oroitzen trekkie deitu dizudanik..
Zinikoa bai Gorka, maila berean jartzen dituzulako zerikusirik ez duten bi erabakimen esparru: kontzienteki zure edukiak online debalde jartzea eta ez jartzea (baina norbaitek zure baimenik gabe hori egitea). Ondo dago kultura librearen ideia baina sortzaileek zeresanik izango dute ba? Eta guztiz errespetagarriak dira bi aukerak.
Bide batez esango dizut, web orri honen mugikorrerako bertsioan honako testua dagoela jarrita behe aldean (ordenagailurako bertsioan ez, baina tira): All content Copyright Boligrafo gorria. Bitxia, ala?
Mila esker bioi elkarrizketarekin segitzeagatik:
Jon, jarraitzen dut pentsatzen ziniko hitza gogor samarra dela. Nik konparazio bat egin dut eta ez dut uste zerikusirik gabeko kontuak erkatu ditudanik. Baina tira.
Bestalde, eskertzen dizut bertsio mugikorrean zegoen oin-ohar horretaz abisatzeagatik: hain zen txikia, ezen ikusi ere ez bainuen egin. Plugin bat erabiltzen dugu blogak mugikorretan erakusteko eta inori galdetu gabe jartzen du copyright abisua. Blog honetatik desagertu da: gainontzeko guztietatik ere bai laster.
Olatz, diskoetxearen, dendaren eta abarren araberakoa izango da disko bakoitzarengatik bitartekariak eramaten duena eta horregatik uste dut komeni dela ohikoena den kasura jotzea: Elkar megadenda batean diskoa erosten baldin badut, zein portzentaje doa taldearentzat? Benetan hainbeste aldatu da egoera? Poztuko nintzateke.
Kazetaritzaren kostuez: tira, luze hitz egin nezake, baina argi izan 3.000 euro baino askoz gehiagori buruz ari garela baldintza prekarioetan lan eginda ere.
“Hala erabaki dutenentzat” horri dagokionez, lehen Joni eman diodan erantzunera itzultzen naiz: hori baimenaren kultura da eta nik nahiago dut bestelako eredu bat.
Eta amaitzeko (barka txapa), ez, noski, ez didazu trekkie deitu. Baina nire barrioan norbaiti ordenagailua itzali eta kalera irteteko gomendatzen zaionean, inplizituki ulertzen da hori esaten zaion pertsonari buruzko aurreiritzi sorta bat. Agian gaininterpretatu egin nuen zure mezua. Agian ez dut oso atsegin ezagutzen ez dudan jendea aginte-perpausak erabiliz zuzentzen zaidanean.
Ondo izan!
Bale, agian ziniko ez da hitz egokia, barkatu molestatu bazaitu. Baina esan nahi dudana da, eta honekin eztabaida amaitutzat ematen dut, baimenaren kontuan bi ikuspegi edo jarrera daudela. Bat, beren edukiak libreki partekatzea erabakitzen dutenak (zure kasua) eta bi, beren edukiak libreki ez partekatzea erabakitzen dutenak (biak onargarriak). Eta azken horien kasuan ez dela zilegi, hirugarren batek erabakitzea eduki horiek libreki partektazea. Zuk, Gorka, partekatu zure edukiak nahi dituzun bezala (edo libreki partekatzea nahi duten sortzaileenak), baina ez partekatu nire edukiak, nik zure eredua onartzen ez badut. Ze zilegitasun duzu zuk, nik baimenik eman gabe nire edukiak partekatzeko, nahiz eta zuk baimenaren kultura ez beste eredu bat nahiago duzun?
Esaten dizut, eztabaida konplexua da, baina sentsibilitate guztiak errespetatu behar direla uste dut.
Aupa Iker,
Bai, hori hasieratik ulertu dut baina puntua beste bat da nire ustez: formatu digitalean dagoen edozer Interneten partekatzea edonoren esku dago. Diskoaren egileak horretarako baimenik ematea edo ez, de facto, bigarren ordenako gaia da aspalditik, ez nik, hark edo besteak hala nahi duelako, teknikoki posible delako baizik.
Mundu osoan zabaldua dagoen fenomenoa dela kontuan hartuta, kultura bezala, zer nahi dugu: horretan, beste esparru batzuetan bezala, ez-normalizatuak izan? Gutxiagotuak izan, baita Interneteko deskargen alorrean ere?
Eta noski ulertu behar direla sentsibilitate guztiak. Nik oso ondo ulertzen dut diskoa inork berari galdetu gabe Ekaitzaldin atera delako haserretzen den musikaria. Baina ulertzea eta konpartitzea bi gauza diferente dira.
Eta mila esker hemen zure iritziak emateagatik, eztabaida oso aberasgarria izan da niretzat.
Ni harritzen naiz 2013. urtean oraindik eztabaida hau mantentzeaz. Zenbat urte pasatu dira eduki digitalak klik batekin konpartitzeko aukera dugula? Iada euskarri fisikoaren garaia bukatu da.
Musika elkar banatzeko aukera hor dago, edonoren esku, legitimoa izan edo ez, baina hain da erreza banatzea artistek ez dutela teknologiaren aurka zer eginik, eta asko egin dezakete ordea teknologiarekin laguntzarekin. Zenbat eta lehenago konturatu horretaz, hobeto izango da denentzat, ahaztu formula zaharrak.
Ez al da hobea musika talde batentzako norbaitek talde horren diskoa ‘ilegalki’ jeitsi eta entzutea, talde horri kasurik ez egitea baino?
Ados nago Jatsurekin euskarri berrien inguruan esaten duenarekin. Ez du zentzurik horren aurka egiteak eta aldiz, ematen dituen aukerak aprobetxatu behar dira.
Beste kontu bat musika doainik oparitzearena da. Bakoitzak bere aukera egin dezake eta guztiz errespetagarria da, baina nere ustetan diskoak doainik eta eskura edukitzea erabiltzaileen eskubidea denik ez dut uste. Azken urteotan horretara oitu gara, eta nere ustez, ez da bidezkoa.
Nere aukera beste bat da. Bandcamp edo soundcloud (myspace bizi da?) bezalako streaming plataformek diskoak mundu osoarentzat entzungai jartzen ditu, elkarbanatu eta musikarien lanak ezagutzeko aukera ematen dute. Ondoren, diska jeisteko prezio ez oso garesti bat jarrita, bitartekaririk gabe musikariak eginiko lanagatik kobratu (edo gastuak kubritu) dezake. Bidezkoena iruditzen zait.
Ez dut esan nahi Ekaitzaldi bezalako blogak itxi edo kriminalizatu behar direnik, difusio lan zuzena egiten bait dute. Arazo nagusia jendearen jarreran dago, musika doainikakoa izan behar duela pentsatze horretan.
Disko bat konposatu, prestatu, grabatu, landu eta kaleratzeak suposatzen duen esfortzu, denbora eta gastuari balio minimo bat eman behar zaiola uste dut.
Ekaitzaldigatik, talde batek zenbat disko salmenta galdu ditu? Diskoa erosiko ez luketen zenbat entzule irabazi ditu?
Nire ustez, kontzertuetarako (baita merchandisingerako eta zuzenekoetan saldutako diskoetarako) irabazitako entzuleak askoz ere baliotsuagoak dira.
Bestalde, Ekaitzaldik edukitako polemikaren baten ondoren, hartutako sistema oso egokia iruditzen zait. Adibidez, Durangoko azoka bukatu arte itxoitea, bertarako argitaratuak izan diren diskoak jaitsigai jartzeko. Honela, diskoaren salmenten boomari ez zaio minik egiten eta hortik aurrerako salmenta residualetan min pittin bat egitearen truke, entzule pirata asko irabazten dira.
Ekaitzaldiren falta ederki sumatuko dugu…
Nik ere bukatutzat emango dut eztabaida, oso erosoa baita teknologia berrien garaian gaudela argudiatu eta deskargak zilegi bilakatzea, autorrek hala nahi ala ez. Kontua ez da formatua edo formula, kontua egileen eskubideak nolabait errespetatzea litzateke. Azken iruzkinean planteatzen den azken galdera erantzungo dizut:
“Zer da hobe, 4€/orduko kobratzen duzun lan bat izatea ala lanik ez izatea?”
Ez da berdina izango, baina antzekotasuna aurkitu diot nik behintzat. Ezin gara prekarietatearekin konformatu eta zerbait duinagoa eskatzen dugu, besterik ez.
Nik ez dut esan kopia zilegia denik, oso erreza dela baizik.
Gaur egun formatu digitalean disko bat ateratzen duen edonork badaki zein ‘arrisku’ duen, badaki kopiatua izango dela, eta gainera musika hori gustoko duen jendeak bakarrik kopiatuko du. Eta asko kopiatzen bada seinale ona da artista horrentzat.
Ni ere musikari aktiboa naizen einean ahalik eta etekin handiena nahi diot atera nire musikari, baina kontextua hor dago, iada ez da 90. hamarkada, ezin gara horren kontra joan eta are gutxiago gure entzule potentzialen kontra.
Lehengo komentarioan esan dudan bezala erabili dezagun teknologia lagun bezala eta ez aurkari bezala.
Olatz, lanaren paralelismo horri ez diot ez buru ez hankarik aurkitzen, uste dut ez duela zer ikusirik.
[…] beharko litzatekeen gauza horietako bat iruditu zait lehen begi kolpean (bide batez, probestuko dut Ekaitzaldiri buruz esandakoak berriz gogora […]