Nork irabazi duen eta nork galdu Donostia 2016ko zuzendariaren aukeraketarekin

Gorka Bereziartua
0

Udaleko eta Diputazioko ordezkariak atzoko bilerara sartzen (argazkia: Noticias de Gipuzkoa).

Itziar Nogeras izango da Donostia 2016 Fundazioaren zuzendari berria, polemikaz betetako prozesuaren ostean.
Hautsak uztailaren 5ean hasi ziren harrotzen, Abc egunkariak argitaratutako Nogerasen mezu batekin, ekainaren 20ko data zeukana. Europako Kultur Hiriburuaren zuzendaritza nagusiaz arduratzeko proposamena jaso zuela zioen eta horrenbestez, hiru urteko eszedentzia hartuko zuela Elhuyarretik. Artean Europako Kultur Hiriburuko zuzendari postuan zen ofizialki Eva Salaberria –21ean iragarri zen kargua utziko zuela–, eta zuzendari berria aukeratzeko lehiaketa publikoa iragarri gabe zegoen.
Berria argitaratu eta berehala, Espainiako Kultura Ministerioak azalpenak eskatu zituen, kargua prozedura legalak errespetatu gabe esleitu ote zen jakiteko; Donostia 2016ko Fundazioaren Patronatuak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura Ministerioa; bestela esateko, Bildu, Bildu, EAJ eta PP) bilera egin zuen; eta prozesuak bere martxa jarraitzea adostu zuten. Sorpresa handirik gabeko emaitza eman du, Nogeras hautatu dute.
Karta-jokoa
Aztertzeko modukoa iruditzen zait uztail hasieratik gaur arte alderdi politikoek nola jokatu duten, kontu honek, beste edozein historiak bezala, irabazle eta galtzaileak izango dituela nahiko agerikoa baita. PP eta EAJ izan dira abilenak egoera beren mesedetan erabiltzen; eta Bilduri berriz, kalte egingo dio.
PPrena diot, Espainiako Kultura Ministerioak oraindik ez duelako zehaztu zein aurrekontu bideratuko duen Donostia 2016 finantzatzera eta ez dirudi pasio berezirik daukanik egitasmoarekin.
Gauzak horrela, Nogerasen hautaketaren gaineko susmoak primeran etorri zaizkio. Atzo Ministerioa abstenitu egin zen, Hiriburu Kulturalarekin distantzia markatuz. “Nik lagunduko nuke, baina kudeaketa honekin ezin da”, estiloko mezua erabil dezakete zalditik jaitsi nahi izanez gero.
EAJri dagokionez: uztailaren 7an, Abcko albistea argitaratu eta bi egunera, Jaurlaritzako Kultura Sailak iragarri zuen zuzendaria aukeratzeko prozesua bertan behera uzteko eskatuko zuela hautaketa prozesuaren “gardentasunari” buruzko “zalantza txikiena” agertuz gero. Baina atzo onartu egin zuten Nogerasen izendapena.
Mugimendu bikoitz horrekin hautaketa susmagarria erdi-salatzearekin batera, Donostiako Udalari eta Foru Aldundiari aurrera egiten utzi diote. Kontua gehiago ez korapilatzeagatik, baliteke; baina baita hori eginda Bildu nolabait zorretan geratzen delako ere. Kasu honetan, EAJren lerro arteko mezua zera litzateke: “Honetan estutu ez zaitudanez, ez nazazu estutu beste kontu batzuetan”. 2016ak Jaurlaritzatik jaso duen murrizketan, adibidez.
Kalteak
Okerren Bildu aterako dela uste dut. Gustuko zuzendaria izendatzea lortuko zuen beharbada, baina bidean etekinak baino handiagoak dira galerak.
Martin Garitano Ahaldun Nagusiak Noticias de Gipuzkoan azaldu zuen gertatutakoaren bere bertsioa: “Eva Salaberriak kargua uzteko asmoa komunikatzen duenean hiru erakundeek (Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Udala) profil bat bilatzen dute. Pertsona batengan pentsatzen da, adosten da, berarekin hitz egiten da eta ondoren Donostia 2016ko idazkariak nabarmentzen du lehiaketa publikoa egin behar dela, fundazioa delako”.
Adierazpen horrek nahiko argi uzten du lehiaketa deitu aurretik Nogeras aukeratuta zegoela. Esplikazio asko eman dakizkioke, baina prozesuarekin ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea, ulertaraziz lehiaketa plantak egiteko antolatu dela, hankasartzea izan da. Galdetu bestela gaur goizean Diario Vascoren titular hau gosaldu dutenei, ea zer iritzi duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA