Tentsioz eta sinbolismoz betetako filma aurkeztu du Denis Villeneuve zuzendariak Sail Ofizialean. Enemyk, ongi ulertzeko, psikoanalisi-ikastarotxo bat eskatzen du beharbada eta amaiera arraro aparta du nire ustez (lasai, spoilerrik ez).
Adam Historia irakaslea da unibertsitatean eta pisu ziztrin batean bizi da, bikotearekin arazoak ditu ohean, hasieratik antzematen zaio bizitze hutsak ito egiten duela —norbaitek iraganean emoa izan zela esaten badu, nik ez diot kontra egingo—. Seguruenik, hori ikusi duelako gomendatuko dio lankide batek pelikularen bat alokatzeko, “denborapasaren bat beharko zenukeela uste dut” esanez bezala.
Alokatu du filma, ekoizpen lokal bat, eta sartu da lotara ikusi ondoren. Orduan amestu du bertan ageri den bigarren mailako aktore batekin, bere berdin-berdina dena. Aktore hori ezagutzen tematuko da eta hor sortuko da filmeko korapiloa, aurkituko duen tipoak Adam izutuko baitu.
Dobleen (ala pertsona bera dira?) istorio honetan garrantzitsuagoa da esaten ez dena, ikusleari bere kabuz imajinatzeko eskaintzen zaion espazioa. Amaitu ondoren “ea ondo ulertu dudan” esaten uzten zaituen lan horietako bat, seguruenik oso-osorik harrapatzeko Lacan eta Freud dosi batzuk eskatzen dituena —aurrenekoaren ispiluaren estadioa; bigarrenak ametsen interpretazioan armiarmei ematen zien esanahia—.
Filmaren argazki horixkak zalantza eragin dit hasieran, nahiz eta zuzendariak fantasia psikologikoaren kartarekin jokatzen duenez, ez den erabat desegokia. Aktoreen lanaz eta musikaz ere antzeko zerbait: ez ote dauden apur bat haritik pasatuta Jake Gyllenhaalen egonezina eta dolby zurruna. Baina oro har gustatu zait. Eta nire anaia bikiari ere bai.
SAIL OFIZIALA
Enemy
Zuzendaria: Denis Villeneuve.
Aktoreak: Jake Gyllenhaal, Mélanie Laurent, Sarah Gadon, Isabella Rossellini.
Espainia-Kanada.
90 minutu.
4 Iruzkin
Aupa Gorka,
ezin esan bereziki gustatu zaidanik, aretora sartu aurretik kafe bat hartzeko betarik gabe ibili naizelako izango da… Dena den, ikusleori interpretaziorako tarte handiegia uzten digulakoan nago edota, beste era batean esanda, erakusten dena urria, aldrebesa eta paradoxikoki luzeeea iruditu zait (lo hartu ez dudanean!). Atera ondoren kafe bila nindoala amaieran agertzen den giltza hori izan dut buruan, pelikularen alde zerbait baikorra bilatu nahian.
Epa! Argi dago bakoitzaren tenpleak eta aurreko filmak eragina dutela ikusitakoa epaitzerakoan. nik aurretik Annette Bening eta Ed Harrisen filma ikusi nuen, ta hor ere pertsonaia bikia zegoen. baina istorioa ñoñoa zen, pelia ahula. Enemyko tentsioan, berriz, erosoago sentitu naiz. Berdin zitzaidan dena ez ulertzea. Disfrutatu nuen arrarokeriekin (joder, hitz bat ere asmatu dut). Eta kitto. Villeneuve ausart. Nire anaia bikiari ere gustatu zaio.
Apa Urtzi,
Enemyren kasuan tentsioa aipatzen duzu. Ez dut ikusi Annette Bening eta Ed Harrisen pelikula baina nik Enemyrekiko konparazioa beste erreferentzia batetik egingo dut: David Lynch. Nik uste Villeneuvek Lynch zuela buruan baina ez zaio hurreratu ere egin. Lynchen kasuan edo Villeneuveren kasuan ez da garrantzitsua dena ulertzea edo, zergatik ez, ezer ez ulertzea. Kasu horretan tentsioa “Mulholland Drive”en sobera eta “Enemy”n faltan.
[…] CC-by-sa: Gorka Bereziartua, Boligrafo Gorria. […]