Aktore austriar ezagun bat eta mendialdeko ostatu baten kargu dagoen bere ahizpa dira Götz Spielmannen Oktober November filmeko protagonistak. Aitaren arazo kardiologikoengatik elkartuko dira, berez bizimodu aski diferentea duten bi emakumeak.
Film luze eta astuna, gauza ebidenteenak esateko ere denbora gehiegi hartzen du, ia ordu erdi joaten da bi protagonistak aurreneko aldiz elkartzen diren arte eta orduan ere ez da ezer gertatzen. Edo bai, gertatzen da, baina ez du ematen: ahizpa zaharrenak herriko medikuarekin daukan abentura, bere haurrak aitonari hartzen dion beldurra bihotzeko bat jasaten duenean, ahizpa gazteak aitak ematen dizkion gutunen bidez ezagutzen duen amaren maitalea eta beste zenbait kontu, denak oso hotz aurkeztuak, hotzegi ezer adierazi ahal izateko, zerbait sentitzea ahalbidetzen duen organoa ebaki izan baliete bezala eta hedaduraz, baita ikusleari zerbait sentiaraztekoa ere. Minutuak sobratzen zaizkio eta aitaren heriotzaren klimax narratibora iristen zarenerako, zalantza egiten duzu ez ote den asperdurak jota hil. Urriak eta azaroak ematen diote pelikulari izenburua, baina abendua, urtarrila, otsaila eta martxoa ere gastatu ditu istorioak. Eta apirila iritsi da eta gerezi gorririk ez.
Hitz batean deskribatu beharko banu erdaldunek erabiltzen duten “farragoso” hitza aukeratuko nuke. Lagun bati galdetu diot ea nola esaten den hori euskaraz. Bere erantzuna: Oktober November.
SAIL OFIZIALA
Oktober-November
Zuzendaria: Götz Spielmann.
Aktoreak: Nora von Waldstätten, Ursula Strauss, Peter Simonischek.
Austria.
114 minutu.
Eta abendua, urtarrila, otsaila, martxoa…
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
[…] CC-by-sa: Gorka Bereziartua, Boligrafo Gorria. […]