Ministroaren erritmoan

Gorka Bereziartua
2

'Quai d'Orsay' berriz, satira politikoa da.
‘Quai d’Orsay’ berriz, satira politikoa da.

“Hizkuntzaz arduratuko zara” esaten diote Quai d’Orsayko protagonistetako bati filmaren hasieran, Frantziako Atzerri Ministerioan lanean hastean. Politikarien eta haien hizkera hutsalari buruzko komedia aurkeztu du Tavernierrek.

Ministerioa kakanahaste hutsa da, ez dago ezertarako denborarik, nazioarteko krisiak bata bestearen atzetik datoz eta Arthur-ek (Rapharël Personnaz) ez dauka denborarik une bakoitzerako diskurtso egokia idazteko. Ez da urgentzia arazo bakarra, ezta handiena ere. Ministroa da problema, Alexandre Taillard de Vorms (Dominique de Villepinen trasuntua), Thierry Lhermittek bikain karikaturizatua. Pertsonaia energikoa da, jogging egitera ateratzen den agintari horietako bat, Heraklito irakurtzen duena… Tira, ergel hutsa da. Baina asko agintzen duenez, menpeko guztiak bere legera mugitzera derrigortuta daude, egoera zentzugabe samarretan.
Filmak erritmoa dauka, elkarrizketa benetan irrigarri eta zorrotzak, esku trebez zuzendua dago, baina baditu hutsak ere. Norbaitek esango du errepikakor samarra gertatzen dela puntu batetik aurrera eta ez zaio arrazoirik faltako. Gainera, badaude ministroaren karikaturan grazia egitetik aspergarri izatera pasatzen diren baliabideak (ateak ixtean orri zuriak airean ateratzea kasu).
Baina emaitza ona da, dibertigarria eta zorrotza. Iaz esku hutsik joan zen Le Capital ekarri dit gogora une batzuetan. Espero dut honek zorte hobea izango duela.
SAIL OFIZIALA
Quai d’Orsay
Zuzendaria: Bertrand Tavernier.
Aktoreak: Thierry Lhermitte, Raphaël Personnaz, Niels Arestrup, Bruno Raffaelli.
Frantzia.
113 minutu.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA