Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak Zinemaldia 2013
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak
  • Zinemaldia 2013

Pilotu automatikoarekin gidatutako trena

Gorka Bereziartua
2013-09-25
1

Colin Firth da filmeko protagonista.
Colin Firth da filmeko protagonista.

Pilotu automatikoarekin zuzendutako film horietako bat da The railway man, gerrak eta torturak eragindako traumak ardatz dituena, baita horiengatik mendekua hartzeko gogoa ere.
Mutilak neska ezagutu, maitemindu, ezkondu, elkarrekin bizitzera joan. Colin Firth eta Nicole Kidman, kasu honetan II. Mundu Gerran soldadu izan da mutila eta emaztearentzat elkarbizitza zaila da, japoniarren agindupeko kontzentrazio-esparru batean Firthen pertsonaiak jasandako torturek utzitako arrasto psikologikoen erruz. Iraganeko zauriak berriz irekiko dira jakingo duenean torturatu zuen soldadu japoniarretako bat bizirik dagoela. Hura ikustera joango da, gerra museo bihurtua den Myanmar eta Tailandia arteko esparrura.
Aurreikustekoa zen moduan filmak ez dakar inolako berritasunik, zenbait flashback erabiltzen dira gerrako urteetara itzultzeko baina konplikazio handirik gabe, ikuslearentzat dena ondo murtxikatuta. Pelikularen puntu interesgarriena soldadu ohi ingelesak eta torturatzaile japoniarrak elkar topatzen dutenean dator, baina azkar batean desegiten da. Izan ere, japoniarra hiltzeko gogoz joan da Firthen pertsonaia haraino, baina berehala jabetuko gara ez duela halakorik egingo, berradiskidetzearen aldekoa baita filmaren mezua. Horretan ere ez du inor harritzen, politikoki polita da erabat.
Aktoreek eskatzen zaiena egiten dute, ez doaz zentimetro bat harago eta gidoiak baditu zenbait gauza ulertezin (oraindik ez dakit zergatik esplikatzen zaigun istorioa bikoteak elkar ezagutzen duen momentutik, gero azkar-azkar aurrera egiteko). Oro har uzten duen sentsazioa da, are gehiago benetako historia batean oinarrituta dagoela jakinda, mereziko lukeela torturaren ondorioetan eta torturatzailearen balizko motibazioetan gehiago sakontzea. Baina mota honetako filmek ez dute halakorik egiten, interes handiagoa daukatelako balio moral batzuk azpimarratzen, barkamena bezain humanoa den mendeku-gosea edo gorrotoa existitzen direla onartzen baino.
A, hori guztia esanda, ez harritu Oscar sarietan zer edo zer eramaten badu.
SAIL OFIZIALA
The railway man
Zuzendaria: Jonatharn Teplitzky.
Aktoreak: Colin Firth, Nicole Kidman, Stellan SkarsgÄrd, Jeremy Irvine, Hiroyuki Sanada
Erresuma Batua-Australia.
110 minutu.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

jonathan teplitzkysail ofizialathe railway man
1 Iruzkin
    Jesus Mari, (e)k dio: Erantzun
    2013-09-25, 12:46

    Apa, Gorka
    Ados zurekin. Egia da, dena murtxikatua , lau-lau, “kriminal” japoniar torturatzaile eta “soldadu” ingles gentlemanaren trenbidetik irten gabe, Brinkolaraino iritsi arte. Benetako historia horri zuku gehiago aterako litzaioke bi protagonistetan zentratu izan balitz… horregatik Oscar sariren bat galtzeko beldurrik gabe. Niri gustatu bazait aurretik Nagisa Oshimaren “taiyo no hakaba” ikusia nuelako da, gerra galdu duenaren miseria. Hausnarketarko parada ere ematen du: benetako berradiskitzea banakoen artekoa da, munduen begietatik at ematen dena eta bi-biek dakiten egian oinarritua. Berradiskidetze kolektiboak ez dirudi maila hori lortzeko aukera duenik, zerbait sinbolikoa izatere mugatuta ematen du. Eta hori apaiz gutxiago eta gertakarien jakin-zale gehiago baldin badago… bestela irudi dezake gerra beste modu batean jarraitzea besterik ez dela. Eta hala ere Oscar saria ez dakit baina Zinemaldian ikuslegorena gutxienez lortzeko traza hartu diot nik.

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Ministroaren erritmoan2013-09-24
Nola moztu zilbor hestea minimalismoz2013-09-25
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA