Boligrafo Gorria
Zinema - ikus-entzunezkoak Zinemaldia 2013
by Gorka Bereziartua
  • Zinema - ikus-entzunezkoak
  • Zinemaldia 2013

Idatzi ezazu berriz, Egoyan

Gorka Bereziartua
2013-09-26
1

Herri txiki bat, hilketa eta misterioa: 'Devil's knot'
Herri txiki bat, hilketa eta misterioa: ‘Devil’s knot’

Ia genero bihurtzeraino hedatu den epaiketa-film (trial film edo courtroom drama ingelesez) horietako bat da Atom Egoyanek Sail Ofizialean aurkeztu duen Devil’s Knot. Hiru haur hilko dituzte Arkansaseko herri batean eta herriko hiru gazteri botako diete errua bidegabeki.

Filmaren hasieran “benetako gertakarietan oinarritua” irakurtzen da. “Um, seinale txarra”, esaten diozu zure buruari, telebistan bazkalostean ematen dituzten pelikula baten itxura ematen diolako. Gero ez da hainbesterako, nahiz eta errealizazioak berriz ere misterio handirik ez daukan eta ikusleari begibistakoa dena ere azken punturaino esplikatzen zaion.
Hilketaren arduradun egin dituzten hiru gazteei laguntzeko asmoz detektibe pribatu batek (Colin Firthek jokatzen du papera) ikerketa hasiko du bere kabuz. Berehala geratuko da agerian poliziak frogak desitxuratu zituela, baita benetako hiltzaileak haurren oso ingurukoak izan daitezkeela ere.
Ba, edozein ikusleren begietan argi geratu arren, gidoia ez doa harago: herriko hiru gazteen epaiketan tematzen da, akusazioaren argudio kirtenetan (kondenatu nahi dituzten gazteak Satanen gurtzaileak direla erakutsi nahiko baitute) eta epailearen jarrera inpartzialean. Horrekin erakutsi nahi da hildako haur baten amak ere (Reese Whitherspoon) zalantza egiten duela akusatuak benetako hiltzaileak ote diren. Minutu asko joaten dira kontu horiekin eta denbora falta zaio kasuak hurrengo urteetan izan zuen jarraipena kontatzeko.
Baina lasai, zerbait aktoreen bidez kontatu ezin duzunerako Atom Egoyanek badauka trikimailu bat: testu pila bat pantailan proiektatzea. Aurrekontu aldetik ondo ateratzen da eta literaturaren abantaila dauka: ikusleak imajina dezakeela dena, errodajean ezer gastatu gabe. Film honen sekuela bat egin liteke amaieran kontatzen duen guztiarekin. Oinarritzen den liburuko kapitulu bat copypaste egin duela pentsatzera iritsi naiz. Ez naiz gauzak puzten ari, benetan, uste dut inoiz ez dudala film baten amaieran hainbeste testu irakurri.
Bere alde esan liteke tentsioari eusten diola. Baina ez dut uste inori gomendatuko zeniokeen filma denik. Egoyanek duela lau urte Sail Ofiziala zabaldu zuen Chloerekin bai-baina-ez utzi baninduen, honekin balantza ezetzerantz makurtu da.
SAIL OFIZIALA
Devil’s knot
Zuzendaria: Atom Egoyan.
Aktoreak: Reese Whiterspoon, Colin Firth.
AEB.
114 minutu.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

atom egoyandevils knotsail ofiziala
1 Iruzkin
    Idatzi ezazu berriz, Egoyan | Gaur (e)k dio: Erantzun
    2013-09-27, 12:01

    […] CC-by-sa: Gorka Bereziartua, Boligrafo Gorria. […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Nola moztu zilbor hestea minimalismoz2013-09-25
Turista Bosniako gerran2013-09-26
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA