Otsoa datorrela dioen artzainak bezala, Rolling Stoneren webguneak Lou Reed hil dela argitaratu zuen atzo eta ordu eta erdiz sare sozialetan zalantza ugari agertu da egia ote zen ala ez. Sinetsi/ez sinetsi ibili gara gutako asko, orain batek zioena tweeteatzen, gero besteak ematen zuen kontrako bertsioa zabaltzen, presaka eta gaizki neu behinik behin.
Eta azkenean otsoa etorri. Zergatik ez sinetsi Rolling Stoneri? Medio tradizionalen prestigioak bizi duen txakalaldiaren beste erakusgarri bat ote halako instituzio batez zalantza egitea? Ez nuke hainbeste esango. Baina erakusten du, beharbada, artikuluak erredaktatzeko modu jakin batek iraungitze-data hurbil daukala.
Zer zeukan ba Rolling Stoneren albisteak zalantzak eragiteko? Ez zuela iturri bakar bat ere aipatzen. Jon Dolan kazetariak albistea izen-abizenez sinatu duela esan du Ivan Santamariak eta hain fianbre handiari ez diozula autograforik botatzen oso seguru egon ezean. Beñat Sarasolak, bestalde, Pitchforkek ere berria eman duela nabarmendu du, fidatzeko moduko hedabideak zirela. Ados, baina The Guardianeko Simon N. Rickettsek Reeden Erresuma Batuko agentearekin hitz egin duela publikatu arte, nik behintzat ez dut lur hartu.
Bill Kovachen eta Tom Rosenstielen The elements of journalism liburuan esaten den zerbait ekarri dit gogora honek guztiak: geroz eta garrantzitsuagoa izango dela informazioa ematerakoan gardenak izatea. Zein dira zure iturriak? Zer ebidentzia daukazu? Are, noraino iritsi ahal izan duzu? Zer ezin izan duzu jakin?
Edonork zurrumurruak zabaltzeko baliabideak inoiz baino eskurago dauzkan garai honetan, Twitterren benetako albisteek mota guztietako gezur, egi erdi eta txutxumutxuen erdian flotatzen dutenean, azkar informatzearen larriak jota hedabide tradizionalek ere horrelako amuei erraz heltzen diegunean, baliteke gauza nondik atera den argi azaltzeak garrantzi handiagoa izatea aurrerantzean, sinadurak edo hedabidearen prestigioak berak baino.
PS: Barka ofizioari buruzko buru-jate hau publiko egin izanagatik, baina kezkatzen nauen gaia da begi bistako arrazoiengatik. Bide batez, nire Twitterreko jarraitzaileen aurrean ere desenkusatu nahiko nuke, bart arratsean gai honekin eragindako zorabioarengatik.
1 Iruzkin
[…] lehia, eta gertakariak jazo baino lehen ere heldu izan dira argitara. Coleman gaixoari ez ezik, horrela gertatu zitzaion Lou Reed maisuari ere, bi erraldoi baino ez aipatzearren. Sare sozialek heriok baino bizkorrago jokatu eta musikariek […]