Boligrafo Gorria
Mokaduak Musika
by Gorka Bereziartua
  • Mokaduak
  • Musika

Eta Antiguok cumbia dantzatu zuen

Gorka Bereziartua
2014-01-23
1

Maite Arroitajauregi, Mursego.
Maite Arroitajauregi, Mursego.

Duela ia astebeteko kontzertu batekin nator eta barkatu beharko didazue, beste ezer baino lehen, post honen beranta. Nor eta non: Maite Arroitajauregi, Mursego, Donostiako Lugaritz Kultur Etxean. Noiz: joan den ostiralean. Nola: sarrerak agortuta eta mota guztietako jendea publikoan (honelako proposamen musikalak tribu minoritarioentzat direla uste dutenen iritzia zein okerra den komentatzea ezingo dugu saihestu, beste behin ere).
Eibartarra bere azken diskoa defendatzera igo zen, Hiru (Bidehuts, 2013). Aurreko lanetako ildoari jarraitu dio, biolontxeloa, loop-ak eta mota guztietako instrumentuekin esperimentatuz (eszenatokian jostailuzko telefono bat ere ikusi genuen Jorge Oteizari deika). Baina oraingo honetan bada zerbait diferentea. Diskoari emandako lehen bueltatik Hiruko kantak aurrekoak baino kantago diren sentsazioa neukan, freskotasunik galdu gabe heldutasun konpositibo batera iritsi dela. Eta kontzertutik ere ideia horri bueltaka atera nintzen.
Prozesua eta emaitza
Mursegoren performance bat ikusten duenak abesti bakoitzaren eraikuntza prozesua dakusa, geruza bat, ondoren beste bat eta beste bat, kanta osoa martxan ikusi arte.
Gauza jakina da abesti guztiek dutela beren artifizioa, taula gainean espontaneo itxuran aurkezten denak atzean ordutako entseguak dituela. Musikari konbentzionalen joera lanketa hori ezkutatzen saiatzea da, azken emaitzak bakarrik balioko balu bezala. Mursegok berriz biak dakartza, prozesua eta emaitza; bigarrena deskuidatu gabe, lehenengoa erakusteko lotsak bazterrean utzita.
Reggaeton
Baina tira, hori aurretik ere egiten zuen. Zer dauka berritik beraz, Hiruk? Ba, besteak beste, aspaldian inguruotan entzun ditugun letra umoretsuenak, Eusnob hit-a tarteko, euskal intelektualez trufatzen den autoironia ariketa dibertigarri eta sanoa, honezkero ereserki bilakatua (ai, esentzia gutarren Zerberoek ere noizbait horrelako zerbait egingo balute).
Zerbait gehiago? Ba bai: diskoa irekitzen duen Savana Violentan eta Cumbia villera de la ciudad armeran, adibidez, antzematen dela munduaren hegoaldeko erritmoekiko joera bat. Erabaki politiko bat, Europa zaharrean degradatutzat jotzen ditugun estilo musikalak integratzeko biolontxelo riffak eta no-fi elementuak jadanik bere eginak zituen koktel esperimentalean (Jon Benitok idatzia du post bat Cumbia villerari buruz; bestalde, Victor Lenore kritikariaren hitzaldi hau berriz gogora ekartzeko baliatuko dugu parentesia).
Bi ordu bakarrik
Total, apustu baten aurrean gaudela. Eta apustua irabaztera atera zela ostiralean Arroitajauregi, Ibon Rodriguezek lagunduta teklatuan, koroetan, tronpetan eta sit-comean; ahaztu gabe Karlos Osinagaren gitarra atmosferikoa eta Xabier Montoiaren kolaborazioa Otte kantan.
Disko berriko errepertorioan oinarritua, aurreko lanetako piezak berreskuratu zituzten (Subir arriba, baixar abaixo, far west kutsuko Zaldi basatiak eta musikalki nolabait Eusnoben aurrekaritzat jo daitekeen Iraganik gabeko emakumea nabarmenduko nituzke). Ia bi orduko kontzertuan geratu zen denborarik Mikel Laboa eta Lou Reed omentzeko ere. Motza egin zitzaigun entzuleoi, ez hainbeste musikariari nik uste: momentu batean teloi atzera joan behar izan zuen break txiki bat egitera eta tartea baliatuz, Rodriguezek pieza klasikoz osatutako set bat jo zuen (Ratxmaninov, Chopin, Liszt eta Debussy, oker ez banago; ala amestu egin nuen?).
Festa Retaguardiarekin amaitu zen memoriak huts egiten ez badit. Erre-rre-rre-rre-rre-rre-rre-rre-rrepikatzeko modukoa, ni ere 74ko Amodio Jauna bezala irribarre batekin esnatu nintzen biharamunean.
PS: Eusnob grabatu nuen telefonoarekin, publikoaren barre eta guzti. Hemen behean duzue.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

cumbiahiruibon rodriguezkarlos osinagalugaritzmaite arroitajauregimursegoreggaetonxabier montoia
1 Iruzkin
    Barbarossa Usopop Kontrapasan | Boligrafo gorria (e)k dio: Erantzun
    2014-02-17, 12:45

    […] liteke baina lehenago idatzi ditugunak errepikatzea litzateke funtsean, beraz, nahi izanez gero, post honetara joateko errebuelta hartu testua […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Iretargia harrika hausteko poemak2014-01-15
Kitsch? Ironia?2014-01-23
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA