Ezin jakin Martin Scorseseren The Wolf of Wall Streetek zer pisu izango duen zuzendariaren filmografian, nola gogoratuko den hemendik urte batzuetara bekain lodiko zinegilearen (orain arteko) azken emaitza. Dakiguna da, zerbait berria sortu dela haren harira. Zine kritika korronte bat, amateurra oraindik, baina hala ere Zazpigarren Arteari buruzko oso bestelako ikuspegia eskaintzen ari dena, blog-Twitter-Whatsapp garai hauen dinamismoz kargatuta, poesia, asaldura morala, Jaungoikoa, Lege Zaharra eta Ñoñostiarrismoa birformulatu dituena zeluloidezko begiradarekin.
Iñaki Anasagasti eta Mikel Erentxun dira kritikagintza berri horren figura inportanteenak eta filmari buruzko oso iritzi diferentea agertu duten arren, bistan da bat egiten dutela funtsezko printzipio batean: zerbaitez taxuzko ezer esateko ez baldin badaukazu, kontra egiozu isilik geratzeko tentazioari.
Scorsese eta kritikagintza berria: komedia bat bi post-etan
Gorka Bereziartua
4 Iruzkin
Uste dut amateurismo kritikaria ondo dagoela. Blogari arruntek zer irakurri duten edo zer ikusi duten komentatzea. Ez dut uste hau 2014ko Anasagastiren post honekin hasi denik. Aspaldiagotik ari gara/dira asko zer kontsumitzen dugun esaten. Kathryn Bigelow-ren filmak tostoi neocon-ak zirela idatzi nuen behin, eta kritikari titulua duen batek aurpegiratu zidan erraza zela halako arinkeria idaztea, ea nondik ateratzen nintzen halako iritziarekin: ba niri iruditu zitzaidanetik atera nintzen horrela, ea ze beste argudio behar dudan, gustatu zaidan ala ez esateko, niri zer iruditu zaidana baino!
Zinemaldian akreditatua egotea ez da ezinbestekoa zineaz iritzia edukitzeko eta emateko.
Umore onez zaudela dakusat eta asko pozten nau horrek.
Noski, mundu guztiak dauka bere iritzia emateko aukera. Eta mundu guztiak dauka eskubidea besteen iritziez trufatzeko, horretarako arrazoi objektiboak daudenean.
Goigoikoak libra nazala Anasagastiren iritziarekin bat egitetik eta batez ere aletzen dituen arrazoi ahulekin bat egitetik. Foro birtualetan irakurritakoak irakurrita, ez naiz zure iruzkinaz ari Gorka, orokorrean baizik, badirudi ezinbestean onartu beharra dagoela ‘The Wolf of Wall Street’ artelan paregabea dela… Niri filma gustatu zitzaidan, baina ez zait iruditu obra apartekoa. Intensoa da, frenetikoa, hortera eta exageratua kontzeptu estetiko-etikoetan, erakargarria eta dibertidoa. Eta hori asko da jakina. Niri hiru orduak ez zitzaizkidan luze egin nahiz eta bigarren partean apur bat erortzen dela iruditu. Scorseseren eskua nabari da -zinemagile gazte askok nahi lukete haren energia, ausardia…-. ‘Casino’-ren lengoaia atzematen da (akaso hargatik ez nau hainbeste liluratu) eta DiCaprio izugarri ene iritzian, bien arteko elkarlan onena osatuz. Sekuentzia bat baino gehiago dago memorian iltzatua geratzeko modukoa. Pasote handi bat hartu eta gero arrastaka bukatzen duenekoa antologikoa… Baina iruiditzen zait gaiaren ertz asko eskapoan doazela, ez dela murgiltzen sakonera desberdinetan. Gehiago eman zezakeela, alegia. Scorseseren lan indartsu bat, ez ‘masterpiece’ bat.
Anasagasti eta Erentxunen antikritikek balio zezaketen gutxienez foroetan eta abar Scorseseren filmaz kontrako eta aldeko argumentuak azaleratzeko, baina ezta hori ere. Nik ez dut halako askorik ikusi behaintzat.
Bai, egia da nik ere irakurri ditudan iritziak oso positiboak izan direla orokorrean. Eta arrazoi duzu, bi post hauen harira ez da sortu benetan mereziko lukeen eztabaidarik, baina beno, ez dira horretarako abiapuntu egokienak ere, ezta?
Esan nahi dut, bi testu horiek partekatzearen motiboa, nire kasuan behintzat, gehiago izan dela normalean zinemaz iritzirik ematen ez duten bi celebrity filmaz hizketan hain airoso ikusi izana. Eta Anasagastirenean partikularki, moral publikoaren defendatzaile paperetik. Irizpide zinematografikoei buruzko eztabaida bat baino, beste mota bateko komentariotarako gogoa ematen dit pertsonalki.