Boligrafo Gorria
Kulturgintza
by Gorka Bereziartua
  • Kulturgintza

Prekarietateari nola erantzun kulturan

Gorka Bereziartua
2014-04-02
1

Jardunaldiak iragartzen dituen afixa.
Jardunaldiak iragartzen dituen afixa.

Bai lagunok, prekarietatea alde guztietan dago, zegoen edo egongo da. Eta kulturaren territorioak ez dira salbuespena, maiz dekadentziak glamour eta fantasia itxura hartu nahi izaten duen arren. Ba, hain juxtu, eskasia, prekarietatea, kultura eta Nafarroa ardatz hartuta antolatu dituzte Iruñeko Katakraken Eskasiaren Kulturari buruzko jardunaldiak.
Ostiraletik igandera bitartean kultur paradigma berriak izango dituzte hizpide, crowdfundinga bezalako fenomenoak, antolakuntza, pedagogia kultural kritikoa… Epa, itxoin, ez joan: dena ez da burmuin-gimnasia maratoia izango (nahiz eta disko gogorra apur bat berotuko den, zertarako uka, hizketa gaiekin): emanaldiak, proiekzioak eta erakusketak ere izango dira apirileko lehen asteburuan.
Lehenagotik dator kontua: martxoaren 21ean eta 22an tailerrak egin zituzten datorren hau nola prestatu erabakitzeko. Horri esker, Jaron Rowan (Free Culture Forum), Emmanuel Rodriguez (Universidad Nómada) eta Santi Eraso (Donostia 2016) arduratuko dira jardunaldiak zabaltzeaz, apirilaren 4an, 17:00etan egingo duten mahai-inguruarekin.
Biharamunean goizeko 10etatik arratseko 8ak arteko egitaraua daukate prest, Nafarroako egoeraren azterketarekin hasita, Foru Erkidegotik kanpoko esperientziekin uztartuz (Gernikako Astra, Madrilgo Patio Maravillas eta Burgosko Espacio Tangenteko ordezkari bana Iruñean izango dira euren egitasmoak azaltzen).
Igandea ondorioak ateratzeko erreserbatu dute eta 13:00ak inguruan sorpresaren bat omen daukan ekitaldia prestatu dute.
Programa osoa Cultura Prekaria blogean ikus dezakezue eta Iruñetik kanpoko jende asko ere hurbiltzea espero izatekoa da, kontuan izanda larunbatean abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa dagoela Hiri Buruzagian (badakigu, azken hori ez da zehazki kulturarekin lotutako kontu bat, baina bai agintariek murgildu nahi gaituzten prekarietate eta eskubide falta orokortuaren barruan txertatzen dena; beraz, blog honetatik bietara, jardunaldietara eta manifestaziora joatera animatu nahi zaituztegu).

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

cultura prekariaemmanuel rodrigueziruñeajaron rowankatakrakprekarietateasanti eraso
1 Iruzkin
    Xabier Gantzarain (e)k dio: Erantzun
    2014-04-02, 20:49

    Ez dira gauza bera Cultura Prekaria eta Kultura Eskasia, eta hala ere ondo dago jarrita izena.

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Jon Alonsok badaki sintetizatzen2014-03-31
Donostia 2016 dardarka utzi duten bi egun2014-04-02
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA