Badoaz hiru kataluniar, sortzen dute post-hardcore talde bat eta emaitza ez da txiste bat, ez horixe. SOT taldearen bost kanta jasotzen dituen Avall EPa entzuten hasi eta berehala datorkizu burura Bidasoaldeko eszena (Dut, Lisabö, Borrokan…).
Erritmo hautsiak eta gitarra zaratatsuak, bizimodu urbanoari buruzko ikuspegi distopikoa eta, esaten den moduan, guztiari su eman eta Frantziara ihes egitera animatzen zaituen proposamena.
Emozioarekin ia malkotxo bat atera zaigula adieraztea sobran dago.
Mondosonoron irakurtzen dugunez Nisei eta Entartete Kunst taldeko kideek osatu dute taldea. Azpian ikus dezakezuen bideoa da haien aurkezpen karta.
EPa osorik entzun nahi baduzue, sartu haien Bandcampean edo sakatu play behean. Ez zaizue damutuko.
Eguneraketa (2014-VI-18, 16:33):
Bi datu berri: taldekideek Twitter bidez jakinarazi digutenez, lehenbiziko kontzertuak Getarian eta Bergaran eman zituzten El Desvän del Machorekin batera. Bestalde, Luistxo Fernandezek esan digunez, EParen azaleko argazkia Eibarren 1937an egindako bonbardaketa batekoa da. Alegia, ia David Fernandez baino gehiago ezagutzen dituztela inguru hauek Sot-ekoek.