Sail Ofizialeko bost film Segurola familiarentzat

Gorka Bereziartua
0

Sail Ofizialari eskainiko diogu blog hau aste oso batez.
Sail Ofizialari eskainiko diogu blog hau aste oso batez.

Donostiako Zinemaldia gainean dugu eta Sail Ofizialeko panorama kontatuko dizuegu datozen egunotan blog honetan (beste sailen berri Mikel Garciaren eta Gaizka Izagirreren eskutik; eta egiten dugun guztia, Zinemaldiari eskainitako kanalean).
Lehiatuko diren pelikulei txori-bista eginda ikusteko modukoak iruditu zaizkigun bost film gomendatuko dizkizuegu. Abenturarako animo gabe esnatu garelako-edo, ez dugu gehiegi arriskatu. Segurola abizena dutenentzako, hau da, erdipurdikoa edo txarra den film batean erori nahi ez duten horientzat espresuki prestatutako zerrenda da.
Gero, auskalo. A priori huts egingo ez dizuten gauzak esku artean desegiten zaizkizu maiz. Eta alderantziz. Hori zinemaren magia dela esango du baten batek. Futurologia ariketek deus gutxi balio dutela pentsatzen duenik ere bada.
Dena den:
 
Loreak (Jon Garaño eta Joxe Mari Goenaga)
Batere lotsarik gabe erratza etxera begira jarri dugu, Sail Ofizialean lehiatuko den euskarazko film bakarraren loriaren mesedetan. Hizkuntza normalizatuan ariko bagina aipatu ere egingo ez genukeen ezaugarri linguistiko horrez gain, benetan inporta duena zera da: zuzendarien aurreko lanak ematen duela bermea. 80 egunean sentsibilitate eta sotiltasun handiko filma iruditu zitzaidan eta hiru emakumeren istorio berri honek tiratzen dit.
 
Une nouvelle amie  (François Ozon)
Ez da Garaño eta Goenaga bezain etxekoa, baina ez dabil urrun. François Ozonek harreman berezia dauka Donostiako Zinemaldiarekin eta 2012ko Dans la maisonekin Urrezko Maskorra irabazi zuela kontuan izanda, ezin zerrenda honetan sartzeari utzi –oroit Segurola familiarentzat ari garela–. Bi emakume, txikitatik lagun. Biak ezkondu eta batek haurra izango du. Gero, gaixotu eta hil egingo da, baina aurretik lagunari agintaraziz senarra eta haurra zainduko dizkiola. Marko ezin heteronormatiboago horretaz baliatuz, identitate sexualaren konplexutasuna mahai gainean jartzen duen filma egin du Ozonek.
 
Murieron por encima de sus posiblidades (Isaki Lacuesta)
Ez genuela arriskatuko esan dugu, ezta? Ba, tira, ahaztu kontu hori ondorengo lerroetan. Lacuestak Urrezko Maskorra irabazi zuen Ozonek baino urtebete lehenago Los pasos dobles filmarekin. Egia esatea nahi baduzue, ez zitzaidan batere gustatu, esperimentutik harago ezer eskaintzen ez zuen lana iruditu zitzaidan. Eta ez dut berriro ikusi. Baina aitortu behar dut, film hark arrasto gehiago utzi zidala edizio berean gustatu zitzaizkidan pelikula gehienek baino. Oraindik gogoratzen dut. Horrek zer edo zer esan nahi duen? Ez dakit. Jakin-mina daukadala zoro itxura daukan film berri honekin.
 
The Drop (Michaël R. Roskam)
2011n Bullhead entzutetsua filmatu zuen zuzendari –eta kazetari ohi– flandestarrak txipiroi tinta bezain beltza dirudien filma dakar Donostiara. New York, diru zuriketa, taberna giroa… Eta gainera James Gandolfini da protagonistetako bat. Ez du ematen sekulako berrikuntza formalik ekarriko duenik, baina apustu seguru xamarra dela esango nuke.
 
Phoenix (Christian Petzold)
Traizio bat eta kontzentrazio-esparru batean bukatzen duen emakumea. Handik erabat desitxuratuta itzuli eta zirujau batengana joko du aurpegia leheneratzeko. Gero, senarra zuenaren bila joango da. Eta ez du espero zuena aurkituko. Christian Petzold 2012an ia mundu guztiaren txaloak jaso zituen Barbararen zuzendaria da, bere filmetako tentsio psikologikoarengatik eta argazki-aukerengatik nabarmendu izan dutena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA