Denzel, Chuck Norris izan nahian

Gorka Bereziartua
0

Muturreko eta tiro entsalada zerbitzatu digute lehen plater gisa Zinemaldian.
Muturreko eta tiro entsalada zerbitzatu digute lehen plater gisa Zinemaldian.

Denzel Washingtonek The Equalizer filmean zenbat jende hiltzen duen zenbatzen hasi naiz, baina kontua galdu dut azkenerako. Blockbuster batek zabaldu du Zinemaldiko Sail Ofiziala eta gu krispetarik gabe etorri.
Bob da protagonista, diziplina zorrotzarekin bizi den brikolaje saltoki handi bateko langile arrunta. Itxuraz behintzat. Gauero kafetegi batean kamamila hartzera joaten da eta han ezagutuko du Alina prostituta errusiarra, baita haren egoerarekin kezkatu ere, txuloak egurtu eta ospitalera bidaliko duenean.
Planteamenduak hasieran Gran Torino ekartzen du gogora: amerikar ondradua eta ingurukoen erruz alferrik galtzen ari den immigrantea. Kontua da, Clint Eastwood baino sasoi hobean dagoela gure Denzel; eta horrek aukera ematen dio gazte koitadu bat salbatzeko bere burua sakrifizioan eman ordez, Chuck Norrisi konpetentzia egiten saiatzeko. Muturreko eta tiro menestrak gustatzen bazaizkizu, agian dastatu nahiko duzu.
Aparteko oharra merezi dute filmeko gaiztoek. Oligarka errusiar bat eta AEBetan dauzkan negozio zikinez arduratzen direnak dira garaitu beharreko etsaia oraingoan: akabo komunistak eta terrorista islamikoak, gerra propagandak kabroi berriak aurkitu ditu gorrotatzeko.
Gauzak gehiegi esplikatzen dituen film horietakoa da, ikusleari den-den-dena xehetuta ematen dio. Baliabide batzuk errepikakor eta efektistak gertatzen dira eta oro har, beste munduko ezer eskaintzen ez duen zerbaiten aurrean gaudela esan liteke. Baina klaro, Washingtonen zerbait estreinatu behar zen aurten Donostia saria dela-eta. Ez da gehien gogoratuko zaion lana izango hau.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)
The Equalizer
Zuzendaria: Antoine Fuqua
Aktoreak: Denzel Whashington, Chloƫ Grace Moretz, Marton Csokas, David Harbour, Bill Pullman, Melissa Leo.
AEB
132 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA