La isla mínima film poliziako txukunarekin aurkeztu da Alberto Rodriguez Sail Ofizialean. Trantsizio osteko Andaluzian girotua, herri txiki bateko hilketak ikertzen ari diren bi polizia ditu protagonista.
Polizia zintzoa, polizia gaiztoa: batek Frankismoko metodoak erabiltzea atsegin du oraindik, zaplastekoak, larderia, txuleria, graduazio altuko zurrutaldiei muzin egin gabe. Besteak, gazteagoa bera, modu “profesionalagoan” ikertzea nahiago du. Jornalarien grebaren erdian bidaliko dituzte Guadalquivir inguruko herrira neska gazte batzuen hilketa argitzera.
Girotu den garaiarengatik izango da akaso. Irudiaren testurarengatik ere bai. Filmak Juan Jose Campanellaren El secreto de sus ojos ekarri dit gogora.
Bikain baliatu dute ibai inguruko paisaia istorioa girotzeko eta plano zenital batzuk benetan ikusgarriak dira.
Erritmo eta tentsio puntuak juxtu samarrak direla uste dut, eta zerbait nabarmentzekotan, filmaren amaierak iradokitzen duen irakurketa politikoa gordeko nuke: detektibeek kasua argitzen dute, baina kakak ez ditu goi-goikoak zipriztinduko. Eta gainera, bi polizietako baten Frankismoko iragan iluna agerian geratuko da.
Uler liteke Espainiako Trantsizioaren irakurketa kritiko bat eman nahi izan duela zuzendariak, istorio beltz bat kontatzearekin batera. Kritika pixka bat lotsatia, kamutsa, hori ere egia da; baina nahiko ezohikoa, datorren panorama zinematografikotik etorrita.
SAIL OFIZIALA
La isla mínima
Zuzendaria: Alberto Rodríguez.
Aktoreak: Raúl Arévalo, Javier Gutiérrez, Antonio de la Torre, Nerea Barros, Salva Reina, Jesús Castro, Manolo Solo.
Espainia.
105 minutu.
3 Iruzkin
Niri estilo handiko thriller oso oso ona iruditu zait. Beharrezko giroa lortzeko elementu guztiak bere lekuan dituena.
Eta aipatzen duzun Trantsizioaren irakurketa hori eratzeko elementuak dira kenduko nizkiokeenak. Generoaren klabeak erdigune dituen thriller bikaina badaukazu, marraztu testuingurua eta gozatu.
Orokorrean ondo dago pelikula. Lokalizazio bikainak, aktoreak ongi, atmosfera…nik uste “flojoena” trama poliziala dela, oso hotz utzi ninduen. Saiakera oso ona, baina erdizka nire ustez. Gorkaren ados
[…] populista egitea egotziko dionik izango da, nahiz eta, lehenago esan izan dugun bezala, guri interesgarriena zera iruditzen zaigun: nola ari den desegiten 1978tik Espainiako kulturan […]