Honela suizidatu behar da

Gorka Bereziartua
2

Familia bateko hiru belaunaldi elkartuko dira asteburu batean
Familia bateko hiru belaunaldi elkartuko dira asteburu batean

Txalo zaparradarekin amaitu da Stille hjerte film daniarraren estreinaldia Kursaalean. Familia-melodrama ekarri du Bille Augustek Donostiara, heriotza onartzeko ezintasunaren inguruan eraikitako istorioa.

Aita, ama, bi alabak, haien bikoteak, alabetako baten semea eta amaren lagunik onena elkartuko dira asteburua pasatzera landa inguruko etxe burges batean. Denek elkarrekin egingo duten azken bilera dute, amak bere buruaz beste egitea erabaki baitu, daukan gaixotasun degeneratiboak okerrera egin baino lehen. Kontua da bi alabei esan egin diela zein den bere asmoa eta, printzipioz amaren erabakia onartu dutela dirudien arren, momentua hurbildu ahala zalantzak sortuko zaizkie.
Dibertigarria da panorama, e? Ba, ez pentsa: filmak tonu tristoia duen arren, baditu bere momentu komikoak, alabetako baten bikote porreroa baliatuz. Kontrapuntu beharrezkoa da.
Bi alaben izaera antagonikoan (bata Margareth Thatcher, bestea desastre hutsa) eta Ghita Nørbyren pertsonaian aurkitzen du oreka pelikulak (ez ginateke harrituko film honetako aktoreren bat Zilarrezko Maskorrerako hautagaien zerrendan agertuko balitz).
Pertsonaiek estereotipoei erantzuten dietela esango du baten batek eta hein batean ez zaio arrazoia faltako, baina egiten duten eboluzioa interesgarria iruditu zait. Eta eskertzen da horrelako gaia lantzen hasita malko errazik ez bilatzea (Mar adentro dut gogoan eta, ugh, badago aldea).
Laburbilduz: suizidatzekotan, egin ezazue honela.
SAIL OFIZIALA
Stille hjerte
Zuzendaria: Bille August
Aktoreak: Ghita Nørby, Paprika Steen, Danica Curcic, Morten Grunwald, Pilou Asbæk, Jens Albinus, Vigga Bro
Danimarka
98 minutu

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA