Arrantza sektorearen dekadentzia, immigrazioa, maitasuna… Eta hildako pila bat. Haemu film korearrak generoko pelikula baten elementuak ditu, baina baita beste zerbait ere.
Barkuarekin lanean segi ahal izateko negozioa “dibertsifikatzea” erabakitzen duen kapitainarekin hasten da dena: tripulazioari esaten dio antxoak ez, gizakiak ekarriko dituztela portura oraingoan, hobeto pagatzen dutela immigranteen garraioagatik.
Eta, nola ez, dena okertu egingo da eta biolentzia espiral geldiezina nagusituko da arrantzontzian.
Korearrek ohituta gauzkate hildako asko eta tomate ibaietara eta horren esperoan pasa dut film osoa. Baina oraingoan gauzak ez dira hain esplizituak eta, horren partez, marinelen eromen progresiboak hartzen du garrantzia.
Generoko filmen zaleek tentsioa falta duela argudiatu dezakete. Eta odol gehiago eskatu. Film mota horren hain zaleak ez direnek berriz (eta klub horretakoa nauzue) eskertu dute gorpu-kostera light hau.
SAIL OFIZIALA
Haemu
Zuzendaria: Shim Sung-bo
Aktoreak: Kim Yoon-seok, Park Yu-chun, Han Ye-ri
Hego Korea
111 minutu