Originaltasun gutxiko trabestismoa

Gorka Bereziartua
0

Identitate sexualen inguruko gogoeta proposatzen du François Ozonen filmak
Identitate sexualen inguruko gogoeta proposatzen du François Ozonen filmak

François Ozonen film berriak ikusmina sortu duenik ezingo du inork ukatu. Sarrerak agortzen iritsi zen Donostiara eta zailtasunak izan ditugu filma ikusi ahal izateko ere (prentsako pasea beteta, txarteldegietan ere nahiko lan, Zinemaldiko azken emanaldian harrapatu genuen, aretora sartzeko bloke osoari buelta ematen zion ilara egin ondoren).

Txikitatik lagunak diren bi neskaren inguruan egituratzen da filma: bat hil egingo da ezkondu eta haurra eduki ondoren; besteak zin egingo du haren senarra eta umea zainduko dituela. Baina haien etxera joango da eta, sorpresa, alargundu berri den gizona emakumez jantzita dago.
Filma ikusi bitartean, istorio hau jada kontatu didaten sentsazioa izan dut. Pedro Almodovarren film baten remake gisa saldu izan balidate, sinetsi egingo nuen. Eta hori ez da txarra zuzendari espainiarraren lanak atsegin badituzu, baina adierazten du zuzendariak begirada propio baten falta eduki dezakeela gaia lantzeko.
Identitate sexualen binarismo zurruna zalantzan jartzen duen punturaino da interesgarria filma, baina ez du hortik aurrera gauza askorik eskaintzen eta pertsonaiek janzten eta biluzten pasako dute metrajearen erdia. Tarteka umore ukituak dituen arren, ez du lortzen bere tonua aurkitzea. Entretenigarria izatera iritsi liteke, baina ez da inolaz ere lan borobila.
SAIL OFIZIALA
Une nouvelle amie
Zuzendaria: François Ozon
Aktoreak: Romain Duris, Anaïs Demoustier, Raphaël Personnaz
Frantzia
107 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA