Delikatua, iradokitzailea, detailez betea, apartekoa: Jon Garañoren eta Joxe Mari Goenagaren Loreak ez da nolanahi sartu Sail Ofizialeko atetik. Maila ugaritako irakurketak eskaintzen dituen filma orain artean ikusi dugun gauzarik onenetakoa izan da.
Ane astero loreak jasotzen hasiko da eta ez du jakingo nork bidaltzen dizkion. Abiapuntu sinple horrekin, elementu ohikoak baliatuz, bikote eta familia harremanez, oroimenaz eta doluaz zer pentsatua ematen duen pelikula egin dute, planteamendu errealistakoa baina egunerokotasunaren haustura txikietan landatua.
Loreek egituratzen dute kontakizuna, izaera polisemikoa hartzen dute, batzuetan pertsonaien jakin-mina eraginez, besteetan arrisku sentsazioa eta beti istorioak aurrera egiteko aitzakia. Horrelako baliabideak erabiltzean gerta liteke egoera batzuk behartzea, baina ez da hau kasua: dena suabe doa, ia filmak dituen zoom geldo zoragarri horiek bezain goxo.
Momentu batzuetan preziosismoa ukitzen duten planoek ikusleari esperientzia estetiko naïf bat eskaintzen diote. Jarrera estetiko hori justifikazio narratiboaren neurriraino eraman dute, gehiegikeriarik gabe, eta film honetan ia gauza guztiak bezala, oreka da nagusi irudiaren tratamenduan.
Bainaren bat jartzekotan (filmekoak baino lore gehiago jarri ditugu honezkero eta) Egoitz Lasa eta Itziar Ituño dialogo batzuetan ez zaizkidala behar bezain sinesgarri iruditu.
Gainontzean, pertsonaiak ondo egituratuta daude, eboluzio interesgarriak egiten dituzte filmaren pisua batetik bestera pasaz eta pantailan ikusiko ditugun lili buketak bezain ondo bilduta aurkezten zaigu istorio osoa.
80 egunean ikusi ondoren kontuan hartzeko bi zuzendari deskubritu izanaren sentsazioarekin geratu ginenok luzea eta oparoa izatea espero dugun ibilbide baten bigarren urrats sendoa sumatu dugu Loreak honetan.
SAIL OFIZIALA
Loreak
Zuzendariak: Jon Garaño, Joxe Mari Goenaga
Aktoreak: Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea, Egoitz Lasa
Euskal Herria
99 minutu
1 Iruzkin
[…] Herriko ekoizpen onenaren saria irabazteko faboritoa Loreak bazen ere, Borja Cobeagaren Negociador lanak lortu du garaikurra. Eta zur eta lur geratu gara, […]