Tigreak miau! egin du

Gorka Bereziartua
0

Haurrentzako botika baten kalteez jabetzean saltzaile batek zerbait egitea erabakiko du
Haurrentzako botika baten kalteez jabetzean saltzaile batek zerbait egitea erabakiko du

Danis Tanovic-ek film bakarra baino, bi ekarri ditu Sail Ofizialera: Tigers salaketa pelikula bat da eta salaketa pelikula bat egiteko zailtasun legalei buruzko filma ere bai.

Benetako gertakarietan oinarritutako ekoizpen honek esne-hautsa osasun publikoaren kaltetan merkaturatzeko arazorik ez daukan enpresaren jarrera inmorala erakutsi nahi du. Horretarako enpresarentzat lanean aritu ondoren, damutu eta haren kontra egitea erabaki zuen Ayan izeneko saltzailearen historia kontatzen du (Kursaaleko proiekzioa amaitzean, bertan zegoen pakistandarrak ezin izan dio negarrari eutsi).
Historia hori kontatzen duen filma egiteak zinegileei eragingo lizkiekeen arriskuez ere hitz egiten du Tigersek, pelikularen ekoizleek froga guztiak ondo lotuta edukitzeko Ayani egiten dioten galdeketa erakutsiz.
Ez dakit benetako problema judizialak saihesteko aukeratu duten formula hori, baina filma hondatzen du. Multinazionala desafiatzen duen langile xumearen istorioa, bere horretan, hobeto edo okerrago kontatuta, kontzientzia-astintzaile izan daiteke. Tigersek halakorik lortzea zailagoa da, justiziaren aldeko borroka horren erdian abokatuen tramari sekulako protagonismoa ematen diolako (eta gauza jakina da Neguko Jauregia ez zela helegiteak jarriz irabazi).
Filmaren bukaeran hotz geratu gara, Nestleri (ups! Agian hau ezin zen jarri) kontra egiteagatik Kanadara bizitzera joan behar izan zuen pakistandarraren bizitzak intentsitate handiagoko zerbait merezi zuelakoan. Tigre honek “miau” baino ezin du egin.
SAIL OFIZIALA
Tigers
Zuzendaria: Danis Tanovic
Aktoreak: Emraan Hashmi, Geetanjali, Danny Huston, Khalid Abdalla, Adil Hussain, Maryam D’Abo, Satyadeep Misra, Heino Ferch, Sam Reid, Supriya Pathak, Vinod Nagpal
India-Frantzia-Erresuma Batua
90 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA