Usopop jaialdiaren 6. edizioa badator: zein da zein aurtengo kartelean?

Gorka Bereziartua
0

Aste honetan iragarri dute Usopopen nork joko duen.
Aste honetan iragarri dute Usopopen nork joko duen.

Maiatzaren 30ean da hitzordua, Sarako Lizarrietan. Lapurdiko inguru horretan antolatu ohi den musika jaialdia erreferentziazko zita bihurtzen ari da Euskal Herriko indie panoraman. “Musika berriak eta Amalurra” goiburuarekin, nazioarteko musikariak eta euskaldunak uztartu izan dituzte aurreko edizioen karteletan; eta musikaz gain, bertako produktuetan oinarritutako eskaintzak egiten du berezi.

King Creosote bakarlari eskoziarra da aurtengo kartelburua. Kenny Anderson dago izen artistiko horren atzean, 1990eko hamarkadan hainbat taldetan jardun ondoren Fence diskoetxea sortu eta bakarka hasi zen musikaria. Ibilbide oso produktiboa izan du geroztik, bere kasuan ez da arraroa urte berean bi edo hiru disko publikatzea.
Azkeneko bosturtekoan jaio diren bi taldek ere emango dute zeresana aurtengo Sarako zitan: Wall of Death paristarrek eta Belako mungiarrek.
Rock post-psikodelikoa egiten dute aurrenekoek, 2010ean hasi ziren jotzen eta bi urte geroago argitaratutako Main obsession diskoa da beraien erreferentzia nagusia.
Belakoren kasuan, 2011tik gelditu gabe ari dira. Post-punk klabean osatutako Eurie disko luzearekin (2013) eta iaz argitaratutako AAAA!!!! eta Bele beltzak baino ez EPekin jaialdi garrantzitsu askotarako sarbidea lortu dute, baita publikoa harritu ere, zuzenean erakusten duten indar eta freskotasunarekin.
H-Burns eta Petti, zein baino zein
Lizarrietako mendatearen beste aldetik etorriko da Petti, Beratik. Noise Hole eta Zup taldeetan aritu ondoren, 1997tik bakarka kantatzeari ekin zion, folk amerikarra eta blues sustraiak uztartuz. Ekainean aurkeztuko duen disko berriaren laginen bat eskainiko ote du Usopopen?
H-Burns bakarlari frantziarra da maiatzeko jaialdiko protagonistetan azkena. Mogwai eta Godspeed You! Black Emperor bezalako post-rock taldeen eraginpean hasi bazen ere, indie-rock atmosfera nagusitzen joan da bere musikan, folkari muzin egin gabe.
Etorkizunan elkartzen diren dantzari, koreografo, musikari eta konpositoreen Leihotik ikuskizuna eta A Side B Side DJekin bukatuko da jaialdia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA