Boligrafo Gorria
Kulturgintza
by Gorka Bereziartua
  • Kulturgintza

Donostia 2016: badator programa baina ez da joango zarata

Gorka Bereziartua
2015-03-04
1

Jendaurrean aurkeztuko dute 2016ari buruzko informazioa datozen egunetan.
Jendaurrean aurkeztuko dute 2016ari buruzko informazioa datozen egunetan.

Konkretatu dezagun beraz. Donostia 2016 hiriburu kulturalaren lan taldeak martxoan herritarrei azalduko die proiektua zertan den eta programaren aurrerapena publiko egingo du. Bost hitzordu aurkezpenetarako. Lehenbizikoa ostiralean, martxoak 6, Antigua auzoko Lugaritz kultur etxean.
Beste lau hilaren 16ra bitartean –noiz nola, egitasmoaren webgunean; azkenekoa zuzeneko streaming bidez eskainiko dute “bertaratzea ezinezkoa duten guztiek aukera izan dezaten, besterik ez bada, urrunetik ere proiektuaren xehetasunak ezagutzeko”–.

Eta hortik aurrera, plazara: auzoetan aurkezpen gehiago egingo dituzte, nagienari ere lana erraztuko zaio, datorren urtean Donostian hizpide nagusienetakoa izango den gertakariaren detaile txikienaz ere bide zuzenetik enteratzeko.
Urrats txikia lan taldearentzat, handiagoa egitasmoarentzat, ilargian egon ez badira ere uste nahiko zabaldua baita orain arte egin den lana ez dela behar bezain ongi komunikatu. Ez dute lagundu etxe barruan izan diren arazoek, ezta suhiltzaileena zen bulegoan katilu bat puskatu denerako sei mikrofono eta hamabi anplifikadore gertu egon izanak kriski-kraska zabaltzeko.
Kudeaketak eta teloi atzeko kontuek sortu duten zarataren ondoren, beraz, hitz egingo ote da egitasmoaren dimentsio kulturalaz behingoz?
Ba, errealistak izanda, ez dirudi. Irakurri bestela aurrekanpainako adierazpenak, golak sartzeko gogoz etorri den Ernesto Gasco PSEko hautagaiarenak kasu. Donostiarrismoa, ideologia hori, 2016 izeneko adierazle hutsa nola bete ibiliko da maiatzera bitartean.
Ariketa hutsal samarra portzierto: inork uste al du 2015ean hain ondo sarturik gaudenean proiektuak 180 graduko aldaketarik eman dezakeenik? Jokoan dagoena papurrak dira, titular batzuk poltsikoratzeko aukera, eta argazkian zein politikarik eutsiko dion arrantzatutako piezari, zeina, kargudunak militatzen duen partiduaren arabera, bihurtuko den izokina ala korrokoia, soineko urdin-beltz/zuri-urrekara baino misterio txikiagoari erantzuten dion distortsio pertzeptibo batek eraginda.
–Benga motel, ez hasi betikoarekin.
–Bai zera, niri kontu honek ni-fu-ni-fa.
–Ostiralean Lugaritzen orduan?
–Beharko.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

donostia 2016
1 Iruzkin
    Donostia 2016 badator programa baina ez da joango zarata. Boli gorria. Argia | Donostia 2016 Europa kultur herria (e)k dio: Erantzun
    2015-03-04, 10:33

    […] Donostia 2016 badator programa baina ez da joango zarata, Gorka Bereziartua. Argia […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Kafe Antzokiko kontzertu historikoak pilulatan2015-03-02
Gernikako Lekuek: musika festibala eta gehiago2015-03-06
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA