Espainiako Kultura ministerioak Donostia 2016ri jarri dion salaketaren ondoren askok galdetuko diote beren buruari: zertara ari da jokatzen Mariano Rajoyren exekutiboa Kultur Hiriburuan? Fundazioaren Patronatuko kide da, baina organo horren bileretan ez zuten aipatu ere egin otsailaren 11n martxan jarri zuten ekinbide judiziala.
Esplikatzeko ere zaila da: parte hartzen duzun erakunde bati salaketa jarri? Albistea egunkarietan lehertu da. Agendek aukera eman bezain laster bilduko da berriz 2016aren ordezkaritza instituzionala eta mahaiko atmosfera kargatua egongo dela aurreikusten da.
Motiboak ez dira falta, salaketa jarri duen ministerio berak proiektua finantzatzeko erakutsi duen mizkinkeria ikusirik. Pablo Berasteguik jakinarazi duenez, kolokan dago Espainiaren ekarpen ekonomikoa, 12 milioi eurokoa izan behar zena; horietatik 4 baino ezin dira ziurtatu eta bulegoan gainontzekoa ez dela pagatuko pentsatuz ari dira lanean –eta horrek Europako beste hiriburuena baino aurrekontu apalagora kondenatzen du Donostiakoa–.
Bitxia, beste zerbait ez esatearren, ministerioak proiektuan parte hartzeko daukan modua: bulegoko lan taldeak egindako programatik gustuko ez dituen atalak epaitegien bidez paretik kendu nahian hasi ez da ba, ordezkaritza instituzionalaren gainetik pasaz? Gaur Kontseiluak antolatuko duen hizkuntza gutxituei buruzko goi bilkura jarri du tiro-lerroan. Bihar besteren bat?
Kontseiluaren esleipenarekin sortu den zalapartak fundamentu askorik ez daukala dirudi, Kultur Hiriburuaren kontratazio-jarraibideak irakurriz gero. Ministerioaren argudio nagusia da horrelako lanak lehiaketa publikoa eskatzen zuela Sektore Publikoko Kontratu Legearen arabera. Baina 2016aren kontratuak nola egin behar diren zehazten duen dokumentuak besterik dio, hain zuzen lege berdinean oinarrituta.
Saltsa honen erdian, harrigarria da Donostia 2016ren bulegoari darion isiltasuna. 2009tik proiektuan zegoen egitasmo baten adjudikazioak berriz ere zurrunbiloaren erdian jarri dituenean, adierazpenik ez dute egin nahi izan suhiltzaileen egoitza zaharretik. Ez da berria mututasun hori, baina eskotilla itxi eta geldirik egoteak orain arte ez dio emaitza onik eman. Proiektuan benetan sinesten dutenek momentu ona dute hau pauso bat aurrera eman eta egitasmoari bakean lan egiten utz diezaiotela eskatzeko.
Bestela ez da zaila aurreikustea zer etorriko den. Eta, zintzoki hitz egiten, izugarri aspergarria da.
Espainiako ministerioak epaitegietara jokatu nahi du eta bulegoa isilik dago
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Intrigarako beste puntu bat gehitzeagatik gaiari. Espainiako Kultura Ministeritza ez ezik, Jaurlaritzatik Bastarrikaren Euskara saila (Patronatuan ordezkaritza Muñozek izan arren, nagusiki) ere, Kontseiluak antolatuko duen Goi Bilera oztopatzeko hainbat urrats ari da ematen, momentuz azpietatik. Ikusteko dago, zein izango den honetan guztian ERE Jaurlaritzaren jarrera. Espainiako Kultura Ministeritzak enbidoa bota da eta Jaurlaritza koka araziko du: babes erabatekoa edo partziala emanez 2016ari edota erabat ukatuz babesa. Esango nuke, benetako arazoa, ez dela, Kontseiluaren goi-bileraren kasuan, Espainiako Kultura Ministeritza (edo ez hau bakarrik behintzat); arazoa, Jaurlaritzaren jokabidea izango da. Eta asteazkeneko bilerara ez dela joango iragarri duela ematen du.