Cró!: galiziar sailkaezinak

Gorka Bereziartua
0

Zuzenekoetan bideo irudiak ere baliatzen dituzte galiziarrek.
Zuzenekoetan bideo irudiak ere baliatzen dituzte galiziarrek.

2007an Vigon (Galizia) sortua, Cró! taldeak titular handirik lortu ez badu ere, pixkanaka arreta merezi duen ibilbidea osatu du: 2013an Bilbo Hiria lehiaketa poltsikoratu zuen laukote honek, estudioko hirugarren diskoa aurkeztuko du aste honetan Azkoitian eta Beran.

Deskribatzen zaila den estilo baten jabe dira, noizean behin post-rocka dirudiena, beste batzuetan progresiboa, esperimentutik asko daukan musika edozein modutan. Erritmo hautsiek ezaugarritzen dute azken diskoa eta zenbait ahotsetan epikara ere hurbiltzen dira –horren oso zale ez gara, egia esan–.
Nolanahi, proposamen propioa daukate, eta hori da interesa piztu diguna. Gainera, zuzenean bideo-artista batekin hartu emanean aritzen direla jakinda, kontzertuan zer arraio aurkeztuko duten ikusteko gogoa dugu.
Galizian azken urteotan sortzen ari den eszena berriaren beste erakusgarri bat? Inguru haietan gauzak mugitzen ari direla dirudi behintzat. Bota begirada bat Metamovidari, adibidez: eszena alternatiboko hainbat talde biltzen ditu elkarte horrek eta lehenago hemendik pasatzean ezagutu dugun banda potenteren bat ere –Unicornibot– han topatu dugu.
Bi kontzertu asteburu honetan: ostiralean (22:00) Azkoitiko Matadeixen Astigarragako Erroma taldearekin batera (sarrera 5 euro) eta larunbatean (22:00) Berako Kataku ostatuan (doan).
Taldearen soinuan pixka bat murgiltzeko, horra bideo sorta bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA