Manuel Delgado antropologo bartzelonarra Donostian izan zen asteazkenean, 2016 Desokupatu taldeak gonbidatuta, kultur hiriburuari buruzko hitzaldia eskaintzen. Koldo Mitxelenako aretoa betetzea lortu zuen datorren urteko egitasmoarekin oso kritiko agertuz.
Kulturak hiri modernoen merkatuan jokatzen duen funtzioan oinarritu zuen diskurtsoa. Xeheago emango dizuegu esan zituenen berri datorren asteko ARGIAn baina, bitartean, hitzaldiak utzi zituen bederatzi titular eskaintzen dizkizuegu.
1) “Zergatik etorri naizen Donostiara? Jakin nahi nuelako zer gertatzen den ezkerreko alderdi batek udala hartzen duenean”.
2) “Ez diot Bilduri leporatzen agintzea, ez agintzea baizik. Egin beharko luketena hau kaketara bidaltzea da, baina ezin dute”.
3) “[Donostia 2016 bezalakoek] kategoria abstraktuak hedatzen dituzte, edozein esanahi har dezaketenak. Eta beraz, edozer gauza justifikatu”.
4) “Donostia bada hiri kulturala dagoeneko. Agian norbaitek erakutsi nahi duena da baketutako hiria dela”.
5) “Mezua da kulturak irabazi egin diola gatazkari, kulturak balio duela hiriak baketzeko, konfliktoak ezabatzeko. Batzuek betidanik eduki dute helburu horixe”.
6) “Zer jotzen den kulturatzat eta zer ez, eremu erabat mistikoa da, pertsona gutxi batzuek esaten dute uneoro zerk merezi duen leku hori okupatzea”.
7) “Kulturak edozer esan nahi du eta, onartzen denez egia bat inplikatzen duela, kultura estatu-erlijio bat da”.
8) “Kultura, gaur egun ulertzen den moduan, herriaren opioa da. Eta izan liteke beste zerbait, baina bahituta daukaten horiei kendu behar zaie”.
9) “Solemnitatearen kaka horren kontra nago ni, kultura bizitzatik banatzeko edozein asmoren aurka”.
1 Iruzkin
[…] den astean Manuel Delgado antropologoak hitzaldia eman zuen Donostian, bertako Donostia 2016 ekimenari eta Juan Karlos Izagirreren udal gobernuari buruz. Delgadoren […]